Blas de Otero plazako kantxa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Auzoko guraso batzuk elkartu egin dira, eta
Blas de Otero plazako kirol kantxa ez kentzeko mobilizatzen ari dira. Izan ere, udalak kantxa kenduko du, eta Manteo inguruan jarriko du. Blas de Otero plazako bizilagunen 300en bat sinadura jaso ondoren hartu du lekuz aldatzeko erabakia. Epeak oraindik ez dituzte zehaztu, baina azaldu dute Donostia Kirolak hartuko duela bere gain kudeaketa.
Mikel Peluaga Aitor ikastolako gurasoak azaldu du harrituta daudela: «Ez genuen kantxa kentzea espero. Bizilagunak kexatu badira, neurriak hartu beharko dira, baina kantxa kentzea ez dugu ulertzen. Zarata bada arazoa, hori araututa dago, ordutegi bat dauka, eta udalak zaindu beharko du. Eta, futbol zelaia Atotxan zegoenean? Eta tren geltokiaren zarata? Nahiz eta kantxa kendu, zarataren arazoa ez da konponduko. Bizilagun batzuen kexak ulertzen ditugu, baina uste dugu konpondu daitezkeela». Peluagak defendatu du kirol kantxa jartzea parte hartze prozesu baten bidez erabaki zela, eta kirola egiteko espazioak beharrezkoak direla auzoan.
Kantxa ez da bizilagunen kezka bakarra. Peluagak esan du Egia kaleko bidegorria oso arriskutsua dela, eta babesak jarri behar dituztela:?«Askotan garraiolariek okupatzen dute, eta segurtasun falta izugarria da».