Atletikoko taldekideak, larunbateko jardunaldiaren ostean. (Argazkia: Donostiako Atletiko)
Anoetako estadio txikian aritu ziren Donostiako Atletikoko kideak nor baino nor larunbatean, eta finalerako txartela lortu zuten. Hain justu, Atletismoko Ohorezko Mailako jardunaldia izan zuten jokoan emakumeek, eta egindako lan onari esker, bigarren postuan sailkatu ziren donostiarrak, Manresa baino puntu bat gehiagorekin.
Hainbat modalitatetako lehiak izan ziren: luzera desberdinetako lasterketak, hesi lasterketak, pertika eta luzera jauziak eta jaurtiketak. Marisa Casanuevasek, esaterako, bigarren postua lortu zuen 3.000 metroko lasterketan, 9 minutu eta 59 segundoko denborarekin. Alazne Furundarenak, berriz, jaso zuen jardunaldiko atleta onenaren saria.
Donostiako Atletiko ligaren bila joango da orain, izan ere, zazpi aldiz izan da txapelduna. Valencia Sport da egungo txapelduna.