Kortxoeneako kaleratzea ontzat jo eta gaztetxea eraitsi zuen enpresa absolbitu dute
Kortxoenea gaztetxearen desalojoa legez kanpokoa izan zela salatu eta eraikina eraitsi zuen enpresaren aurkako prozesu legala abiatu zuten gaztetxeko kideek iazko uztailean. Gaur, kaleratzearen eguneko gertakariak enpresaren ardura izan ez zirela adierazi eta bere aurkako karguak deuseztatu ditu epaileak.
Gaztetxeko kideen salaketaren arabera, 2015eko azaroaren 3an lagun batzuk eraikin barruan lotan zeudelarik aurpegia estalita zuten hamar pertsona sartu ziren eraikinera, metalezko barrekin armaturik, bertakoak indarkeriaz kaleratzeko asmoz. Ertzaintza eta udaleko teknikariak ekintza biolento eta ilegal horren jakinaren gainean zeudela salatu dute Kortxoeneako kideek, eta udalak gaztetxearen ‘erresistentzia garaian’ proposatutako elkarrizketa bidea “aurpegi zuritze bat” besterik izan ez zela esan dute.
Sententziarekiko desadostasuna adierazi dute gaztetxeko kideek, justizia beste behin espekulatzaileekin lerrokatu dela adieraziz. Desalojoaren gertakariak gogoratu eta sententziaren berri emateko bideo bat zabaldu dute.