Olatu Talkaren barnean Loiola D’or filmatu zuten iaz. (Argazkia: Olatu Talka)
Olatu Talka izango da aurten ere, bederatzigarren aldiz, maiatzaren 25ean, 26an eta 27an. Antolatzaileek azpimarratu dute protagonista izango direla auzoak, Miramongo Basoka jaialdia eta Zuloaga plazako festa.
Horrela bada, egun horietan hiria jarduerez beteko dute 300 taldek, eta parte hartuko dute 2.000 lagun inguruk. Era askotako jarduerak egingo dituzte: dantza, musika, artea, zientzia, historia…
Basoka jaialdia Miramongo basoan izango da, larunbatean, 18:00etatik 21:00etara,
Zorionak Dylan! izenburupean. Formatu akustikoko emanaldiak izango ditu jaialdiak. Maiatzaren 24an Bob Dylanek 77 urte beteko dituelako jarri diote aurten izen hori jaialdiari, eta musikari partaideek Dylanen 25 abesti eskainiko dituzte. Zuzenean ariko dira: Joseba Irazoki, Ane Leux, Eneritz Furyak, Iker Lauroba, Mikel Azpiroz, Rafael Berrio… Basoka 2015ean egin zuten lehenengo aldiz, eta bi helburu nagusi ditu: Miramongo basoa ezagutaraztea eta duen potentziala erakustea kultur jardueren agertoki gisa, baita berreskuratzea ere musikarien eta publikoaren arteko harreman estua.
40 kontzertu hiru egunetan
Basokaz gain, musika gehiago ere izango du Olatu Talkak: Zuloaga Plazan, Bulebarrean, Cervantes Plazan, Zurriola Pasealekuan, Kontxako arkupeetan, Nautikoan, Harria parkean, Aitzol parkean eta Txaparrene Pasealekuan.
Auzoei dagokienez ere jarduerak anitzak izango dira:
- Añorgan egitarau oparoa izango dute asteburuan: bertso txapelketa, kontzertuak, Errementari filmaren emanaldia, herri bazkaria… gainera, igandean, Añorgako plaza inauguratuko dute, eta izena jarriko diote, parte-hartze prozesu baten bidez.
- Altzako Harria Parkean, larunbatean, 21:00etatik 00:00etara, Altzarekin lotutako film laburren proiekzioa egingo dute. Gainera, egun horretan bertan, era analogikoan grabatutako film laburra ere eskainiko dute, Txirrita Bertsolariaren Pasealekuan.
- Igeldon, Urdermounten egoitzan, larunbatean, 16:00etatik 21:00etara. Zeramika pieza handi bat sortuko dute.
- Antiguan, Alfonso XIII.a plazan, larunbatean, 10:00etatik 22:00etara, merkatua egingo dute. Antiguako Merkatu zaharrean egindako lanak erakutsiko dituzte, eta hainbat jarduera prestatu dituzte.
- Loiolan, garai bateko erromeria bat antzeztuko dute.
- Parte Zaharreko Zuloaga plazan jaia egingo dute, larunbatean, 10:30etik 20:00etara: Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak estudioa kalera aterako du, Elena Scaratiren Flintlove instalazio artistikoa jarriko du… Ekitaldi nagusia, ordea, igandean izango da, 13:30ean, eta hor egingo dute indarkeria sexistaren aurkako jarduera. Dantza ikuskizun bat prestatu dute, oinarri hartuta Harituz elkartearen ekimenez milaka lagunek ehundutako 4 kilometroko bufanda.
Keler garagardo enpresarekin hitzarmena sinatu dute eta bera izango da jaialdiko babesle nagusia. Babesle gehiago ere lortu dituzte eta horrekin lotuta barrak eta janari furgonetak jarriko dituzte hiriko hainbat gunetan.
Food truck gune nagusia Zuloaga plazan jarriko dute.
Azpimarratu dute jaialdiko edalontzi guztiak organikoak izango direla, eta energia berriztagarriak izango direla nagusi. Berrerabilera eta ingurumenak ere leku garrantzitsua izango du, instalazio artistikoetan, berrerabilera eta bigarren eskuko azoketan, itsas zaborra out ekimenean, naturarekin lotutako hitzaldietan eta abar.