Espartxoko zubi berriaren lanak adjudikatu ditu udalak
Aldi baterako elkartu dira Construcciones Amenabar eta Campezo Obras y Servicios enpresak, eta haiek egingo dute Txomin Eneako Espartxoko zubi berria. Udalak erabakia hartu du Urumeako ibaiertzean uholdeak saihesteko proiektuaren baitan. 2,2 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute proiektua egin ahal izateko, eta zubia bukatua egon beharko da hasi eta 14 hilabeteko epean.
Zubi berriaren neurriak hauek izango dira: 60 metro luze eta 18 metro zabal. Gainera, Espartxoko zubi berriak bereizita izango ditu errepidea eta espaloia, eta Martutenetik gertuen dagoen aldean bidegorria izango du. “Zubiak ez du zutaberik izango ibaiaren bidean. Beraz, ura oztoporik gabe igaroko da”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Zubi berria zaharraren ondoan eraikiko dute, eta behin berria bukatzean botako dute zaharra; horrela, lanak iraun bitartean, alde batetik bestera igarotzeko aukera egongo da.