‘Lorategi inbaditzailea’, Uliako Mintegietako Parkean. (Argazkia: Alberto Lopez eta Manuel Prados)
Asteburu honetan aurkeztuko dute Alberto Lopez eta Manuel Prados artisten
Lorategi inbaditzailea proiektua, Cristina Enea Fundazioa eta Tabakalera Nazioarteko Kultura Garaikide Zentroaren artean sortutako
Egonaldiak lurrean ekimen artistikoaren barruan. Proiektuak landare inbaditzaileez osatutako lorategi botaniko baten eraikuntzan datza, eta Uliako Mintegietako parkean egindako lorategiak eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean ikusgai egongo den erakusketak osatzen dute.
Proiektuak botanikaren eta lorezaintzaren poetikak eta metodoak jartzen ditu praktikan, eta hausnarketa egiten du obra bizi bat sortzearen inguruan. Lorategi basatia da eta honekin, landareak giza kontroletik nola askatzen diren aztertu nahi da. Arte-lanaren helburuetako bat da ikustea bizi garen lurraldean zenbaterainoko mugak ezartzen dizkiogun gure paisaien berezko bilakaerari. Lorategi paradoxikoa dela diote, espezie mespretxatu eta zapalduak direlako osagai funtsezkoak.
Lorategia eraikitzeko orduan eta landare inbaditzaile espezieak erabakitzeko, artistak hainbat erakunderekin eta biologia-, botanika eta paisajismo-esparruetan ibiltzen diren aditurekin jarri dira harremanetan.
Horretarako, hainbat ekintza antolatu dituzte. Alde batetik, larunbatean, maiatzaren 26an, lorategiaren aurkezpena egingo dute Uliako Lore Baratzeetan, arratsaldeko 17:00etan. Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak hitzaldia eskainiko du, lorategirako artistek aukeratu dituzten landare inbaditzaileei buruz eta hauek Euskal Herrian duten historiari buruz. Hitzaldi parte-hartzailea izango da, izan ere, landare inbaditzaileen arazoari buruzko eztabaida sortzea eta espezie hauek naturan bereizten ikastea da helburua. Era berean, Burdeos artistaren musika emanaldia egongo da. Gaitzizenez Burdeos den Jesus M. Sánchez musikariak, lorategiaren aurkezpenerako propio sortu dituen soinu-paisaia eta konposizioak joko ditu. Gorka Zubeldia aktoreak “Kontuz naturan legeak daudela baieztatzean” performancea egingo du.
Igandean, hilaren 27an, Lorategi inbaditzailearen erakusketaren irekiera egingo dute Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta bi filme proiektatuko dituzte:?Jorge Jácome-ren “Flores” (Portugal, 2014, 26′) eta Olivier Comte-ren “El jardín en movimiento, Gilles Clement” (Frantzia, 2014, 52′).