(Argazkia: Donostiako Udala)
Dbusek 14 autobus hibrido gehiago edukiko ditu urte bukaerarako. Horrela, elektriko-hibridoa izango da Dbusen hamabi metroko autobusen ia %45, eta ingurumena gehien errespetatzen duen konpainietako bat dela diote arduradunek. Gainera, 2019rako aurreikusita zeudenak ere erosiko dituzte.
Dbusek modelo horretako lau autobus ditu otsailetik: MANen Lions’s City Hibrido. Antzeko ezaugarriak dituzten autobusen aldean, modelo horrek aukera ematen du igorpenak %25 inguru murrizteko: “Agerian uzten du, berriro ere, Dbusek ekologia eta iraunkortasunarekin duen konpromisoa”, diote arduradunek. Ibilgailuak Dbuseko zenbait autobus lineatan lanean ariko dira.
Autobusen erosketak 4.632.600 euroko kostua du, eta mailegu baten bitartez finantzatuko dute. Dbusek azken hamarkada hauetan egin duen autobus erosketarik garrantzitsuenetako bat dela diote. Konpainiako autobus diesel zaharrenak ordeztuko dituzte poliki-poliki, berritzeko planarekin jarraituta. Horrela, aurreikusten dute urtean 350 tona CO2 gutxiago igorriko dela.
Autobus berrien ezaugarrietako batzuk:
- Bi USB kargagailu dituzte, bidaian zehar gailu elektronikoak doan kargatu ahal izateko.
- Ateetan kamerak ere badituzte. Harrapatuta geratzea eragozteko, baita talkak eragozteko ere atzera martxa egiterakoan.
- Ateen aldeetan led argiak dituzte, horiek zabaltzean eta ixtean pizten direnak, eta ibilgailuen argi guztiak, baita kanpoko kartelena ere, led argiak dira.