Gaizka Izagirre: "Nire telesail gogokoena ‘Lost’ izan da eta izango da beti"
Gaizka Izagirre; telesailetan aditua.
Telesailetan adituak bilduko ditu Crossover jaialdiak, gizarte fenomeno hortaz aritzeko, Koldo Mitxelenan Kulturunean; gonbidatuetako bat izango da Gaizka Izagirre (Hernani, 1984). Azken urteotan interes handia sortu dute telesailek jendartean. Geroz eta gehiago dira telesailak kontsumitzen dituztenak, eta maiz egiten dira horiei buruzko analisiak, kritikak eta gomendioak. Goraldi hori aztertuko du Crossover jaialdiak, maiatzaren 29tik ekainaren 2ra. Betidanik zara telesail zalea? Bai, txikitatik. Lehen oroitzapenak X-Files telesailarekin ditut; VHS zahar bat izaten nuen eta orduak pasatzen nituen atalak grabatu eta ezabatzen. Gero, 90ko hamarkadako sitcom guztiak irensten nituen: Family Matters, Alf… Nire benetako mendetasuna Lostekin iritsi zen. Batez ere, kontsumitzeko era aldatu zuen. Masiboki Internet bidez kontsumitzen genuen lehen istorioa bihurtu zen. Ehunka foro eta webgune sortu ziren, eta haietara jotzen genuen asetzeko asteroko irrika jasanezin hori. Baduzu telesail gogokorik? Nire telesail kuttunena Lost izan da eta izango da beti. Horrez gain, Breaking Bad, The Leftovers, The Sopranos, The Wire eta Boardwalk empire izan litezke nire faboritoak. Orokorrean mundu osoko ekoizpenak ikustea gogoko dut; askotan aipatzen dut telesail amerikarren jarraitzailea naizela, ingelesen zalea eta nordikoen maitalea. Berrien artean gomendatzen ditut Counterpart, The Terror, Seven Seconds, Patrick Melrose, Tabula Rasa, Killing Eve eta Heimebane. Gomendioak eskatzen dizkizute? Bai eta ikaragarri gustuko dut gomendioak ematea, gehien maite dudan erremintarekin: euskara. Sare sozialen bitartez ia astero idazten didate aholku bila, eta lagun eta familia artean ere ia egunero nabil kontu horrekin. Emaztea apur bat kokoteraino daukat eta daramadan erritmoarekin gogaitua. Bera ere nahiko telesail zalea da, baina nahiago izaten du banan-banan ikusi. Nola definituko zenuke Crossover jaialdia? Telesailen goraldia aztertu nahi du Crossover jaialdiak. Donostia hiri zinezalea dela nabarmendu den moduan, polita izango da frogatzea ea telesail zalea ere baden. Jaialdiko egitarauaren barnean zer gomendatzen duzu? Batetik, euskaraz egongo den mahai-ingurua: Flashforward: errealitatea fikzioaren aurretik. Parte hartuko dut, hauekin batera: Katixa Agirre, Irati Jimenez eta Xabi Paya. Arituko gara etorkizunaren isla izateko ahalegin handia egin duten telesailen inguruan. Bestetik, dibertitzeko gogoz dagoenari, Petxa Kutxa: hiru taldek parte hartuko dute eta horietako bakoitzak bere telesaila defenditu beharko du: 10 diapositiba eta 10 minutu izango ditu horretarako. Zertaz ariko zara? Telesailak bilakatu dira ezinbesteko zutabe bat nire bizitza-kulturalean. Sekulako pasioa sentitzen dut telesailekiko eta haien inguruan sortu den fenomenoarekiko, eta euskaraz hutsunea dagoela uste dut. Crossover jaialdian, aipaturiko mahai inguruan, Petxa Kutxan eta BirraSeries izeneko hiru jardueretan egongo naiz. Azken horretan gai oso interesgarri baten inguruan ariko gara: telesail gehiegi al daude? Zergatik uste duzu telesailek halako arrakasta dutela azken urteotan? Estreinatu eta segituan etxean ikusteko aukera daukagu. Ikuslea fidelizatzen dute Internet eta Netflix eta HBO moduko plataformek. Kontsumitzeko berriak ireki dira; afal ostean atal bat ikus dezakezu, autobusean, ordenagailuan ohera joan baino lehen… Horri gehitzen badiogu harrapatzeko moduko istorio bat, narrazio oso eraginkorra sortzen da.