Iñigo Ansa, Go Local (Parte Zaharra)
Turismoari oso lotuta egiten duzu lan.
Deustuan egin nituen Turismo ikasketak. Ondoren, Pirinioetako hotel batean ibili nintzen lanean, baina hura ez zitzaidan asko gustatu, eta gero Saloura joan nintzen gida moduan aritzera. Konturatu nintzen han egiten nuena Donostian egin nahi nuela, eta duela zortzi urte itzuli nintzen. Geroztik, hainbat lekutan

aritu naiz gida moduan eta azkenean, elkarte bat sortzea erabaki nuen lagun batekin batera. Bi urte pasa genituen Deustuan elkartearekin bueltaka eta bertan bururatu zitzaigun Go Local izeneko enpresa txiki bat sortzea. Hiru urte daramatzagu horretan lanean.
Zerk bereizten zaituztete?
Talde txikiekin egiten dugu lan; uste dugu hori hobea dela bai bertokoentzat eta baita bisitarientzat ere. Bizikleta ibilaldiak egiten ditugu, gehienez sei lagunekoak, eta baita pintxo ibilaldiak ere, baina azken arlo horretan konpetentzia handia dago. Bestalde, Free tourrak egiten ere ibiltzen gara.
Zein helburu duzue?
Gure Donostia ezagutaraztea da gure helburua. Izan ere, guk kanpora bidaiatzen dugunean bertakoek egiten dutena egitea eta haiek gustuko dituzten lekuetara joatea gustatzen zaigu, eta ez soilik turistentzat egindako lekuetara.
Nolakoa iruditzen zaizu hiriko turismo eredua?
Zortzi urte daramatzat turismotik bizitzen, eta ez daukat aurkako diskurtsorik; turismoa ona dela uste dut. Posible dela hemendik urte batzuetara jende gehiegi ibiltzea? ez dakit. Hala ere, egia da turismoa egiteko modu batzuk aldatu beharko genituzkeela, baina baita guk ere kanpora joaten garenean.