Ekainaren 1etik aurrera Igeldoko autobus linea indartuko dute
Ekainaren 1etik aurrera Dbuseko 16 lineako zerbitzuen maiztasuna areagotuko dute, “ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko”. Irailaren 30era arte indartuko dute zerbitzua eta 10:05etik 21:05erako zatian handituko da zerbitzuaren maiztasuna; denbora tarte horretan 20 minutukoa izango da.
Beste urte batzuetan beranduago indartu izan dute linea, uztailean edo abuztuan baina oraingoan ostiraletik aurrera maiztasuna hobea izango da.
Horrez gain, udako ordutegiak ere aurreratu egingo dituzte aurten. Ekainaren 23tik aurrera eta abuztuaren 31ra arte 16 lineak zerbitzu gehiago emango ditu Gipuzkoako plazatik, 23:00etan eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin. Era berean, azaldu dute ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldo auzoak autobus zerbitzua izango duela gauean, ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7- Igeldo gautxoriarekin. Gautxoria 1:00etan eta 2:00etan aterako da Bulebarretik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta Kanpineraino.
Modu berean, ohiko denez, Igeldoko jaietan Dbusek zerbitzua indartuko du, irteera gehiagorekin.
Urgull mendia
Ekainaren 2tik aurrera Dbusek mikrobus zerbitzua emango du Urgull Mendian, 39-Urgull linearekin. Ekainaren 22ra arte, zerbitzuak larunbatetan eta igandeetan emango dira, baina ekainaren 23an zerbitzuak egunero ematen hasiko dira.
Zerbitzuak 30 minuturo izango dira goizeko 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldeko 17:00etatik eta 20:00etara.
Uztailean eta abuztuan ere egunero emango da zerbitzu hau, Aste Nagusian eta aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berriko barraken instalazioa dela eta. Irailean zerbitzua asteburuetan izango da berriz ere, Estropadetan izan ezik.