VI. Euslogan lehiaketa egingo dute
VI. EUSLOGAN LEHIAKETA. OINARRIAK.
1- 2018ko maiatzaren 14tik ekainaren 3ra egongo da zabalik lehiaketan parte hartzeko epea, eta nahi adina eslogan bidali ahal izango dira.
2- Esloganak euskara hutsean izango dira.
3- Esloganek jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izan behar dute.
4- Gaia: esloganak sagardoa sustatuko du.
5- Esloganak honako helbidera bidali behar dira: donostia@aek.eus honako datuak erantsiz: izen-abizenak, herria eta harremanetarako telefono zenbaki bat.
6- AEKren Donostiako euskaltegietako arduradunek eta AEK-ko komunikazio arduradunek osatuko dute epaimahaia. Epaia ekainaren 16an jakinaraziko dugu www.irikiatia.blogspot.com orriaren bitartez, eta apelaezina izango da.
7- Saria: Bi lagunentzako bisita gidatua, sagardo dastaketa eta bazkaria sagardotegian, garraioa barne.
8- Parte hartzaileek AEKri uzten diote, esklusiban, esloganak erabiltzeko eskubidea.
9- Lehiaketa honetan parte hartzeak,berez, oinarrion erabateko onespena dakar.
Donostiako AEK-k Euslogan lehiaketa antolatu du seigarren urtez, euskara ikasle zein euskaldun ororentzat. Erdarazko goiburu edo esloganak nagusi direla ikusirik, euskarazko sormena landu eta publizitate arloa euskalduntzea da lehiaketaren helburua. Aurtengo ekitaldian sagardoa sustatzeko esaldiak aurkezu beharko dira, eta ekainaren 3 arte egongo da lanak bidaltzeko aukera, donostia@aek.eus posta elektronikora.
I. lehiaketan euskararen erabilera sustatzeko esaldiak proposatu behar ziren, eta ondoko honek irabazi zuen: “Euskararen giltza, elkarrekin mintza”. Bigarren urtean, aldiz, bertako produktuen kontsumoa bultzatu nahi zuten, eta irabazleek hau sortu zuten: “Nahi baduzu gozatu, hemengo produktuak dastatu”. Hirugarrenean, landaturismoa sustatzea zen helburua eta “Ahokada bat haize, landetxean aise” esloganak irabazi zuen. IV. lehiaketan, kirola zen sustatu beharrekoa eta hau izan zen hoberena: “Mugi, bizi, goza; kirola bizi-poza”. Iaz, V. ekitaldian, ingurumenaren aldeko esloganen artean “Ingurumena amilka, Lurra intzirika” leloak irabazi zuen.
Aurtengo saria lehiaketaren gaiarekin lotuta dago, sagardoarekin, alegia. Honakoa izango da irabazleak eskuratuko duen opari-sorta: bi lagunentzako bisita gidatua*, sagardo dastaketa eta bazkaria sagardotegian.
*Bisitak aukeran garraioa barne: bertako produktuen azoka (Tolosa), Idiazabal J.D.B. gaztandegia (Zerain), Albaola itsas kultur faktoria (Pasaia), Flyscharen ibilbidea geoparkean (Zumaia).