Antiguako San Joan festen egitaraua, prest
Gazte Egunarekin hasiko da egitaraua, ekainaren 9an. Txantxarreka gaztetxeak antolatuta, hainbat jarduera egingo dituzte: futbito txapelketa, bazkari herrikoia, bingo musikatua eta kontzertuak.
Ekainaren 10ean jaiek bat egingo dute Gure Esku Dago dinamikak antolatu duen giza katearekin. Ekainaren 13an haurrentzako jolasak egingo dituzte Itsasmendin, eta hurrengo egunean, ekainaren 14an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak frontoian izango dira, Borobilean ikuskizunarekin. Iluntzean, Dokan, Amorante eta Oza bakarlariak zuzenean ariko dira. Ekainaren 15an Mikel Laboaren omenezko jaialdia egingo dute frontoian: Mikel Laboaren adaxka gazteak. Ikusmina piztu du, eta hogeita lau orduan agortu egin dira gonbidapenak.
Ekainaren 16an egun osoko programa egingo dute: haurrentzako olinpiar jokoak, Trapu Zaharraren ikuskizun bat, Do Ta Ke txaranga… Gauean, auzoko elkarteen laguntzarekin, afari herrikoia egingo dute frontoian. Ondoren, Ez Don/k Hamahiru Antiguan Hamalau jaialdiaren 20. urtemuga ospatuko dute, eta La Pop’lla eta Oihu taldeek kontzertua emango dute. Ekainaren 17an Dantza Eguna egingo dute, eta Antiguotarrak dantza taldea Astigar eta Otsagabiako dantzariekin batera aterako dira dantzan kalera.
San Joan bezperaren bueltan ere jarduera asko egingo dituzte. Jon Maia eta Unai Agirrerekin bertso afaria izango da Platero tabernan, Platerotarrak mendi taldeak Street Boulder Txapelketa egingo du… eta San Joan sua pizten dutenean denak Gaskonia plazan elkartuko dira.