Loiola zeharbidean egin nahi duten obraren proiektua. (Argazkia: PSE-EE)
Eneko Goia alkateak Loiolako lurpeko aparkalekuaren proiektua bertan behera gelditu dela berretsi eta auzotarrentzako irtenbidea lur gainean bilatuko dutela adierazi du Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan. Lurpeko aparkalekuaren proiektua baztertzeak haserrea eragin zuen Loiolan, izan ere, auzo elkartearen arabera “aparkalekua bai ala bai egingo zela hitza eman zuen alkateak”.
Goiak, ordea, proiektuarekin aurrera egitea “absurdoa” izango litzatekeela adierazi du gaur, bizilagunek aparkalekuak erosteko asmorik ez dutela argudiatuz. Alkatearen hitzetan, “ez dauka zentzurik 2 milioitik gorako obra bat egitea auzotarrek aldez aurretik erosiko ez dituztela esan badigute”. Aparkalekuak obrak kostatu duena baino prezio baxuago batengatik saltzea hiriko beste lekuekiko bidegabekeria izango litzatekeela adierazi du ere, beste auzoetan horrela jokatzen ez dutela zehaztuz.
Hasierako proiektua alde batera utzita, aparkaleku faltaren arazoari irtenbide bat topatzeko beste alternatiba batzuk aztertzen ari direla esan du Goiak. Zentzu horretan, lur gaineko aparkalekuek eskaintzen dituzten aukerak baloratzen ari direla adierazi du, “ez bakarrik fisikoki, baizik eta kudeaketa sistema baten bitartez ere”. Ideia auzoan dagoeneko existitzen diren aparkalekuak biztanleek erabili ditzatela bermatzea izango litzatekeela zehaztu du Goiak.