Vandana Shiva ekintzaile ekofeminista. (Argazkia: @santelmomuseoa)
Asteazkenean,
maiatzaren 30ean izango da hitzaldia, 19:00etan, San Telmo Museoan. Ingelesez egingo du, aldibereko itzulpenarekin, eta sarrera librea izango da, jarleku guztiak bete arte. Ekintzaileak bere iritzia azalduko du gizateriak dituen erronken inguruan, eta krisi klimatikoaren ondorio ekologiko, ekonomiko, politiko eta sozialei buruz hitz egingo du. Shivak aldaketa klimatikoa “planetaren gaixotasun metaboliko” gisa definitu du.
Aldaketa klimatikoaren inguruan Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo museoak hilabetero antolatzen duten Agora K2050 zikloaren baitan antolatu dute konferentzia. Kasu honetan, aldaketa klimatikoaren erronkak aztertu nahi izan dituzte ikuspegi feministatik, eta horretarako, Calcuta Ondoan GKEaren laguntzaz, Vandana Shiva ekofeminista gonbidatu dute.
Horrez gain, egun berean baina eguerdiko 12:30ean, prentsarekin topaketa izango du udaletxean. 90 minutu inguruko ekitaldia izango da, eta Indiako ekintzailearekin hitz egin eta eztabaidatzeko aukera izango dute hedabideek.
Vandana Shiva, Dehradun (India) herrian jaio zen 1952an, eta filosofoa, idazlea eta Fisikan doktorea da. Gainera, mundu osoan ezaguna da,
ingurumenaren alde eta ekofeminismoan egin duen borrokarengatik. Elikadura burujabetzaren defendatzaile sutsua izanik, erauzketan oinarritutako ekonomia neoliberala salatzen du, batez ere erregai fosilen gehiegikeriagatik, eta nahiago du klima-aldaketaz ari denean
“suntsipen edo kaos klimatikoa” kontzeptua erabili. Shivak hainbat liburu eta idatzi argitaratu ditu, eta ezagunetako bat da 2017an publikatutako
¿Quién alimenta realmente el mundo? (Capitán Swing) obra. Korporazio handiek elikadura industrian duten nagusitasuna salatzen du, eta baita korporazio hoiek goseteetan eta gaixotasunetan duten erantzukizuna ere bai.