Gladys del Estal militante ekologista. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Eguzki Erakunde Ekologistak Gladys del Estal oroitzeko ekitaldia antolatu du igandean, ekainaren 3an. 12:00tan jarri dute hitzordua, herritarron artean Gladys Enea izenez ezagutzen den Egiako Cristina Enea parkearen atean. Erromerian igoko dira parkeko goiko ordekaraino, bertan baitago Gladysen oroitarria. Bertan egingo dute ekitaldia, urtero bezala, lore eta kanta artean.
39 urte pasatu dira Jose Martinez Salas
guardia zibilak militante ekologista hil zuenetik, buruan tiro bat jota. Turteran gertatu zen, 1979. urteko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren kontrako Nazioarteko Eguneko protesta bat erreprimitzean. Gladysek 23 urte zituen. Bertan bildu ziren ehunka pertsonek Bardeetako tiro poligonoaren aurka, energia nuklearraren aurka eta garai hartan eraikitzen ari ziren Lemoizko zentral nuklearraren aurka ari ziren protestatzen.
Del Estal Venezuelan jaio zen 1956 urtean, eta bere gurasoak —Enrike del Estal Añorga eta Eugeni Ferreño— euskaldunak ziren. Aita eusko gudaria izan zen Espainako Gerra Zibilean, eta gerraondoan Caracas hiri venezuelarrean errefuxiatu zen familia osoa. Gladys umea zenean Euskal Herrira itzuli ziren, Egia auzora, eta Presentacion de Maria Ikastetxean ikasi zuen. Ondoren, Administrazioa eta Informatika ikasi zituen. Herri mugimenduan oso aktiboa zen eta Egiako Kolektibo Ekologistako kidea zen.
Del Estal borroka-kide eta laguna omentzeaz gain,
haren erailketa zigorrik gabe geratu zela eta
oraindik ez duela aitortza ofizialik izan salatuko dute. Iaz, Konstituzio Auzitegiak Gobernu espainolaren helegite bat onartu eta zati batzuetan suspenditu zuen Jaurlaritzak onartutako Estatuaren “gehiegikeriak” 1978 eta 1999 bitartean eragindako Biktimak Aitortzeko Legea. Aldaketa honek eragin zuzena du Gladysen erailketaren kasuan, izan ere, lege hori aplikatuko balitz, Gladys izan zitekeen orain arte ukatutako aitortza ofiziala jaso zezaketen biktimetako bat.
Gainera, gaur
egungo borroka ekologisten aldarrikapena ere egingo dute igandean, haien artean, Garoñako inguruan garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko plan baten erreibindikazioa, edota Lemoizeko lursailetan egingo denaren erabakia adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea.