AB Krosa aurreko urteetan Probestu plazan hasi eta bukatu da. Aurten, irteera eta helmuga Isabel II.ean izango ditu. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Berritsu euskara elkarteak auzoko lasterketa antolatu du aurten ere; lehenengo aldiz
Isabel II.aren hiribidean hasi eta bukatuko da krosa, ikusgarritasunean irabazteko asmoz.
AB Krosa jokoan egongo da larunbatean, bosgarren urtez jarraian. Amara Berriko Berritsu euskara elkarteak antolatzen du urtero lasterketa auzoan, maiatzeko azken larunbatean. Jai gisa antolatzen dute arratsaldea, haur eta helduentzako egitaraua prestatuta. Aurten, gainera, arku nagusia Isabel II.aren hiribidean jarriko dute, ikusgarritasuna irabazteko asmoz. Horrela, 19:00etan hasiko da lasterketa eta irteera eta helmuga Isabel II.ean izango ditu.
Arratsaldea haurrentzako jolasekin hasiko dute, Probestu plazan, 17:00etan. Ernest Llucheko Haur Txokokoko lagunen laguntza izango dute, eta jolas gisa lasterketatxoak ere egingo dituzte txikitxoen artean. Lasterketa nagusia, esan bezala, 19:00etan izango da, hamasei urtetik gorako korrikalariekin. Aukera egongo da egiteko hiru kilometroko ibilbidea edo sei kilometrokoa. Izen ematea Herrikrosa webgunean egiteko aukera egon da, baina egunean bertan ere egin daiteke. Beraz, korrika egin nahi duenak ez du aitzakirik izango! Gainera, hiru kilometroko ibilbidea aukeran jartzea erabaki zuten, hasiberriak diren korrikalariak ere animatu daitezen.
IRUTXULOKO HITZA ere bai
Ibilbide hau egingo dute partaideek: Isabel II.a hiribidea, Memoriaren parkea, Bartzelona hiribidea, buelta berriz Isabel II.aren hiribidera, eta beste itzuli bat eman, sei kilometrokoa aukeratu ezkero.
Antolatzaileek espero dute iaz baino eguraldi hobea izatea, euri zaparrada handia bota baitzuen lasterketak iraun zuen bitartean. Behin lasterketa bukatuta, Physis versus Pelaxek kontzertua eskainiko dute, Probestu plazan. Euria egingo balu, Ikasbide elkartearen egoitzan sartzea da asmoa.
IRUTXULOKO HITZAk parte hartuko du lasterketan. Hain zuzen, kamisetetan presente egongo da bere logoarekin, eta esaldi hau eramango du ondoan: Euskaraz bizi, irakurri eta gozatu. AB Krosaren hizkien ondoan, berriz, lelo hau joango da: Oinak auzoan, euskara ahoan! Horretaz gain, astekariaren urtebeteko bi harpidetza oparituko dizkiegu auzoko azkarrenei, eta materiala ere zozkatuko dugu.