"Sinetsarazi digute natura hilda dagoela, eta emakumeok tuntunak garela, baina biak gezurra dira”
Asteazkenean, maiatzaren 30ean hitzaldia egin zuen San Telmo museoan Vandana Shiva ekintzaileak. Jendez lepo zegoen aretoan, Shivak bere iritzia azaldu zuen gizateriak dituen erronken inguruan, eta krisi klimatikoaren ondorio ekologiko, ekonomiko, politiko eta sozialei buruz hitz egin zuen. Donostiako Parte Zaharreko museoan egindako hitzaldiaz gain, eguerdian prentsarekin topaketa izan zuen Donostiako udaletxean, eta bertan aldaketa klimatikoari aurre egiteko gizarteak egin beharrekoaren inguruan hainbat ideia azaldu zituen. Nagusiki, “nekazaritza organikoa eta biodibertsitatearen mantenua” dira, Indiako ekintzailearentzat arazo globala den aldaketa klimatikoa deuseztatzeko gakoak.
Aldaketa klimatikoaren inguruan Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo museoak hilabetero antolatzen duten Agora K2050 zikloaren baitan antolatutako konferentzia izan zen. Kasu honetan, aldaketa klimatikoaren erronkak aztertu nahi izan zituzten ikuspegi feministatik, eta horretarako, Calcuta Ondoan GKEaren laguntzaz, Vandana Shiva ekofeminista gonbidatu zuten.
“Datorren 20 urteetan, biodibertsitatea babesteko eta egungo nekazaritza, nekazaritza ekologiko bihurtzeko ekintzak egiten badira planeta osoan zehar, CO2-aren isurpenak leundu eta aldaketa klimatikoa eragotzi ahalko dugu”, baieztatu zuen Shivak. Fisikan doktoreak, nekazaritza organikoaren eta produktu kimikoak erabiltzen dituen nekazaritzaren arteko konparaketa-ikerketa bateko datuak azaldu zituen bere ideiak egiaztatzeko.
Shivak, 1995 urte inguruan hasi zuen bere borroka biodibertsitatearen alde, eta gaineratu zuen “bioaniztasunaren suntsipena, nekazaritza kimikoa eta monolaborantza” daudela klima aldaketaren eta muturreko fenomeno metereologikoen oinarrian. “Monolaborantzak eta gauzak modu bakar batez egiteko inposaketak, gorrotoa eta intolerantzia areagotzen ditu”, esan zuen indiarrak.
“Aldaketa klimatikoa ziklo ekologikoen hausturatik dator”, esan zuen indiarrak, eta azaldu zuenez, ziklo hauek naturak dituen “mugek” zehazten dituzte. Muga horien artean daude, esaterako, “lurrak eraberritzeko eta bizitza mantentzeko” beharrezkoa duen CO2-a edo nitrogenoa xurgatzeko ahalmena. “Muga horiek gainditzen baditugu, ziklo ekologikoak hausten dira, eta bioaniztasuna suntsitzen badugu, planetak sustantziak xurgatzeko duen gaitasuna eta bere erresilientzia desegiten ditugu”, gaineratu zuen Indiako filosofoak.
Ekofeminismoari buruz, eta emakumeek aldaketa klimatikoarekin duten loturaren inguruan ere hitz egin zuen, eta baieztatu zuen “patriarkatu kapitalistak” berdin kaltetu dituela urte askoz emakumeak eta natura, “bizitzaren berezko oinarriak” suntsitzen dituelako. “Duela ehundaka urte sinetsarazi digute natura hilda dagoela, eta emakumeok tuntunak garela, baina biak gezurra dira”, aldarrikatu zuen Shivak. Natura bizitzarekin lotzeko unea dela eta emakumeek berezkoa duten sormena eta jakinduria erabili behar dutela esan zuen, “gizaki egiten gaituena” natura babestea delako. Egungo sistemaren “ergelkeria eta harrokeria” gainditu, eta ekofeminismoaren ahalmen sortzaileak bideratutako sistema bat sortzeko beharraz hitz egin zuen.
Euskal Herriko paisaia berdea eta ardien presentzia goraipatu zituen, eta hauek aldaketa klimatikoaren “konponbidea” ere badirela baieztatu zuen. “Bioaniztasuna, eguzki-panelak edo aerogeneradoreak soluzio klimatikoa dira, baina baita basoak berde mantetzea ere”, gaineratu zuen Shivak.
VANDANA SHIVA, Dehradun (India) herrian jaio zen 1952an, eta filosofoa, idazlea eta Fisikan doktorea da. Gainera, mundu osoan ezaguna da, ingurumenaren alde eta ekofeminismoan egin duen borrokarengatik. 1993. urtean, Right Livelihood saria jaso zuen, Bakearen Nobel Sari Alternatibo gisa ezagutzen dena, alegia. Elikadura burujabetzaren defendatzaile sutsua izanik, erauzketan oinarritutako ekonomia neoliberala salatzen du, batez ere erregai fosilen gehiegikeriagatik, eta nahiago du klima-aldaketaz ari denean “suntsipen edo kaos klimatikoa” kontzeptua erabili. Shivak hainbat liburu eta idatzi argitaratu ditu, eta ezagunetako bat da 2017an publikatutako ¿Quién alimenta realmente el mundo? (Capitán Swing) obra. Bere idatzietan, ekologiaren inguruko gai anitzak jorratzen ditu, esaterako, multinazionalek munduan daukaten papera, gerra bioteknologikoak, lurraren demokratizazioa, ekofeminismoa, etab. Korporazio handiek elikadura industrian duten nagusitasuna salatzen du, eta baita korporazio horiek goseteetan eta gaixotasunetan duten erantzukizuna ere bai.