
Antigua festan murgilduko da datorren astetik aurrera
aurtengo San Joan jaiak ospatzeko. Txantxarreka gaztetxeko kideek larunbaterako antolatu duten Gazte Egunarekin abiatuko da festa, ekainaren 29ra bitarte.
Eguneko egitaraua goizetik hasiko da, 10:30ean egingo dituzten futbito eta sokatira txapelketa mistoekin. Izen-ematea berdina da bi txapelketetarako, eta Platero tabernan egin daiteke taldeko 20 euro ordainduz.
Lehiaketa amaituta, bazkaria egingo dute gaztetxean (tiketa 8 euro). Ondoren, bingo musikatuarekin emango diote jarraipena festari. Jaia gauean bukatuko dute, 20:00etatik aurrera egingo dituzten kontzertuekin.