Haurren interesen araberako parkea diseinatuko dute
Datozen hilabeteetan, ‘Bizi Bizia Berhezi’ proiektuak haurren behar eta interesen araberako parkea diseinatuko du hirian 300 umeren parte hartzearekin. Alubi Partaidetza Elkarteak sortu du egitasmoa, orain arte eraikitako parke gehienak helduek pentsatuak direla eta hirian haurrek lekua galdu dutela ondorioztatu ostean.
Beraien asmoa Donostian dauden haur parkeen inguruko hausnarketa bat plazaratzea eta horiei alternatiba bat eskaintzea da. Proiektua Donostiako Tranbia Konpainiaren aparkalekuaren ondoko berdegune zabalean gauzatuko dute, lursail publikoa eta auzo desberdinen elkargunea delako.
Proiektua hiru fasetan banatuko dute, eta lehenengoa datorren astean jarriko dute martxan 300 haurren laguntzaz garatuko duten prozesu parte hartzailearekin. Proiektuaren sustatzaileak parkearen inguruko hezkuntza zentroetara hurbilduko dira (Zuhaizti Eskola Publikoa, Aitor Ikastola,Intxaurrondo Ikastola eta Zurriola Ikastola) bertako ikasle eta hezitzaileen iritziak jasotzeko asmoz.
Lehenengo fasea ekainaren 22ra bitarte luzatuko da, eta haurrei zer nolako parkea izan nahiko luketen galdetuko zaie bertan. Haiek botatako ideiak kontutan hartuko dituzte gero parkea modu batera edo bestera diseinatzeko.