Ametzagaina parkeko espezieak aztertzeko aukera emango dute
BioBlitz antolatu dute larunbaterako, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta. Hala, 24 orduz espezie ezberdinak bilatzen arituko dira partaideak, Aranzadiko adituekin batera, Ametzagaina parkean barrena. Topatu beharko dituzte hegaztiak, ugaztunak, anfibioak, narrastiak, tximeletak, burruntziak, kakalardoak eta onddo espezieak. Hirilife Donostiako hiriko bioaniztasunari buruzko proiektuaren barnean kokatu dute, eta asmoa da hiriko parke eta lorategiei balioa ematea.
BioBlitz erabiltzen da denbora jakin batean (askotan, 24 orduz) eremu zehatz batean espezieak modu intentsibo eta sakonean bilatzeko. Ideia Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen eta Europa osoko hirietan zabaltzen ari da. Aranzadik ekimenarekin bat egin du eta urtero BioBlitz bat egitea aurreikusi du, euskal geografia osoa zeharkatuz.
Nahi duten guztientzat irekita egongo egongo da larunbateko jarduera, gerturatzen direnek aukera izango dute hiriko aniztasuna osatzen duten espezieak ezagutzeko, laguntzeko eta ikasteko. Jarduera doakoa da eta parte hartu nahi duenak Ametzagainako parkera joan beharko du, talde bakoitzaren irteera-ordua baino ordu erdi lehenago.
Elkarlanean bultzatu dute jarduera, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Kutxa Fundazioak, Kutxa Ekoguneak eta Donostiako Udalak, eta Garbera Merkataritza Gunearen laguntza izan dute.
BIOBLITZ (ekainak 9, Ametzagainan)
- 7:00 –09:00: Hegaztiak
- 9:00 – 11:00: Lurreko ugaztunak
- 09:00 – 12:00: Onddoak
- 11:00 – 14:00: Odonatuak (burruntziak, txitxi-burruntziak) eta narrastiak
- 14:00 – 17:00: Koleopteroak (kakalardoak)
- 17:00 – 19:30: Araknidoak
- 19:30 – 22:00: Hegaztiak
- 22:00 – 24:00: Anfibioak eta gaueko hegaztia