Bizi-Hezi prozesuko partaideak, hausnarketa saioetako batean. (Argazkia: Emaus)
Emausek
Bizi-Hezi: komunitate inklusibo eta ekitatiboen eraikuntza izeneko
tresna praktikoaren eta bideoaren aurkezpena egingo du bihar, ekainaren 8an, Cristina Enea Ingurumen Baliabideen zentroan.
Bizi-hezi, eraikuntza kolektiboko prozesu bat izan dela adierazi du erakundeak bere webgunean, eta biharko pintxo-topaketan, prozesuko ikaskuntzak eta gakoak partekatuko dituzte ere bai. 18:00etan hasiko da ekitaldia.
Bizi-Hezi egitasmoaren bultzatzilea Emaus izan bada ere, prozesuan Euskal Herriko eta Costa Ricako berrogei pertsona baino gehiagok hartu dute parte, modu ezberdinetan. Egitasmoaren helburuetako bat “senti-pentsa hausnarketa eta ikaskuntza kolektiboak sortzen laguntzea” izan da. Hori horrela izanik,
Bizi-Hezi prozesua norbanakoaren ibilbideetatik eta partekatutako esperientzietatik abiatuz, eta ikuspegi feministatik egindako bizipeneko ikaskuntza gisa planteatu dute sortzaileek.
Prozesuan sortu diren ikaskuntzak, inklusioa eta ekitatea baliatuz, gizartea eraldatzeko konpromisoa duten talde edo komunitateentzat abiapuntu bat izateko asmoz landu dira. Autoebaluaziorako tresna moduan planteatu dute materiala, eta hortik abiatuz talde bakoitzak bere diagnostikoa egin ahalko du. Baita landu beharreko arloak identifikatu eta erronkak definitu ere.