Emakumeak eta torturari buruzko mahai ingurua egingo dute gaur Koldo Mitxelena Kulturunean
Egiari Zor Fundazioak antolatu du jarduera eta helburua, modu batera edo bestera, torturaren biktima izandako lau emakumeren ikuspegia jasotzea da.
Alde batetik, Idoia Zabalza, Mikel Zabalzaren arreba; bestetik, Urtza Alkorta politikari eta ekintzailea, 2013ko maiatzean Ondarroako askegunean Ertzaintzak atxilotua. Gainera, Elena Belokik ere parte hartuko du, 19/98 sumarioa dela eta espetxeratua eta zortzi urte eta erdi preso egon dena. Azkenik, Amaia Andrieu EHUko irakaslea ere egongo da mahai inguruan. Samara Velte kazetari eta idazlea izango da moderatzailea.
Emakumea eta tortura. Ikusi ezin diren zauriak mahai ingurua egingo dute gaur, ekainaren 7an, Koldo Mitxelena Kulturuneko hitzaldi aretoan. Hitzordua 18:30ean jarri dute.
Euskal Herriko Kriminologia Institutuak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak EAEko torturaren gaineko txostena landu eta aurkeztu zuten orain hilabete gutxi eta honako datua plazaratu zuten: 4.113 tortura kasu gutxienez, 3.415 pertsonari. Bost hamarkadetan zehar, Polizia Nazionala, Guardia Zibila eta Ertzaintzaren polizia etxeetan gertatutako krimen inpune eta sistematikoen testigantza argia dela adierazi dute Egiari Zor Fundaziokoek, webgunean.
Jasandako mina ez errepikatzeko berme onena, gertatutakoa ezagutzea dela aldarrikatzen dute Fundaziokoek, eta horregatik antolatu dute mahai ingurua, “datu eta estadistiketatik haratago, horien atzean ezkutuan egon diren pertsonak ezagutu eta entzutea beharrezkoa” dela uste dute eta. Mahai inguruan, txostenak argitara ateratako informazioak haientzat zer suposatzen duen adieraziko dute parte hartzaileek eta aitortzaren bidean aurrerantzean eman beharreko pausoen inguruan hausnartuko dute.