Zinema kalean eskainiko dute Zuloaga plazan
Jarduera sorta antolatu du Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak, ostiral arratsalderako. Izan ere, 30 urte bete ditu koordinakundeak, eta kalera irtengo da, herritarrekin ibilbidea ospatzeko, Ilargi azpian, mundu zabala errealitate izenburupean. Zuloaga plazan, Vestido de novia kubatar filma botako dute, 21:30ean. Filma 1994ko Habanan kokatzen da, eta kontatzen du Rosa Elena erizain laguntzailearen istorioa. Filma proiektatu aurretik, antzerki-animazioa izango da, Oihulari klownen eskutik, triki-kalejira baten laguntzaz. Euria egiten badu, filma Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitzan (San Juan 27) jarriko dute. Gainera, 18:30etik 20:30era, hainbat jarduera egingo dituzte Bretxan: erakusketak, bidezko merkataritzako postuak, jolasak, triki-kalejira, animazioa, malabareak, kaleko zinemarako sarreren banaketa…
Koodinakundea osatutzen dute Nazioarteko lankidetzan jarduten duten 80 Gobernuz Kanpoko Erakundek, horietatik 51 Gipuzkoan: “Urruti ditugun herrialdeetako errealitateak hurbiltzea da helburua, eta balioan jartzea Euskaditik azken 30 urteetan lankidetzarako sustatutako elkartasuna, euskal politiken bitartez. Euskaditik sustatutako nazioarteko solidaritatea aritu da Afrikako, Hego Amerikako eta Asiako herrialde txiroetan, lankidetza proiektuen bidez. Gure ingurunean ere egin dugu lana, euskal gizartea sentsibilizatzeko helburuarekin. Agerian jarri nahi ditugu, halaber, herritarrok eskura ditugun alternatiba eta tresnak, pertsona guztientzako mundu justuagoa eraikitzeko”.