Enara Coretti eta bere familiaren egoera salatzeko prentsaurrekoa. (Argazkia: Euskadiko Etxegabetzeak Stop plataforma)
Enara Coretti eta bere familiaren egoera salatzeko prentsaurrekoa egin zuen Euskadiko Etxegabetzeak Stop plataformak atzo Bulebarrean. Etxegabetzeen kontrako taldeaz gain, Enararen familiakoak, gizarte zibileko pertsonak, batzar orokorretako jendea eta udaletxeko kideak ere egon ziren prentsaurrekoan.
Enarak, bere bikoteak eta lau seme-alabek maiatzaren 31rako utzi behar zuten bizi ziren alokairupeko etxebizitza, jabeak pisu horretara itzultzea erabaki zuelako. 650 euroko alokairuaren epe guztiak errespetuz ordaindu dituztela baieztatu zuten. DBE (Diru-sarrerak bermatzeko errenta) eta EPOa (Etxebizitzarako prestazio osagarria) jasotzen dituzte, eta horrez gain, Eusko Jaurlaritzak onartutako Etxebizitzaren Euskal Legean biltzen den
etxebizitzarako eskubide subjetiboa aitortua zuten, 2016ko urtarriletik, Etxebideren partetik. Hala ere, “beste askok bezala”, ustezko etxe sozialerako aukerarik ez dute izan oraindik Enarak eta bere familiak.
Alokairuaren kontratua bukatzean, kalean gelditzeko zorian egon dira Enara eta bere familia, izan ere, Etxegabetzeak Stop plataformak adierazi zuenez, etxebizitza sozialerako eskubidea “250 euroko prestazio batekin” ordezkatu diote Enarari. Etxebizitzaren Euskal Legeak alokairuko etxebizitza soziala bermatzen du, eta halako etxerik erabilgarri egongo ez balitz , 250 euroko prestazio batekin ordezkatzen da etxebizitza-eskubidea; etxegabetzeen kontrako plataformakoen arabera, “dauden abusuzko alokairuak ordaintzeko argi eta garbi nahikoa ez den prestazio bat da”.
Enarak, bere eta bere familiaren egoeraren berri emateko idatziak aurkeztu zituela gaineratu zuten, martxoaren 19an Arartekoari eta Etxegintzari, eta maiatzaren 4an Etxebideri. Azkenean, Enarak eta bere familiak, ekainaren 15etik aurrera, etxe bat izango dutela azaldu zuten, “borroka sozialari esker”
Etxegintzak larrialdietarako etxebizitza munizipal bat eman die eta.
Enarak jasan duen eta jasaten ari den egoera “Euskadiko milaka familiek” jasaten dutela salatu zuten, eta baieztatu zuten alokairupeko etxegabetzeak %32 igo direla azken urtean EAEn. Era berean, EAEko alokairuaren bataz bestekoa Estatukoa baino %44,5 altuagoa dela informatu zuten. “Familia askorentzat jasangaitza da egoera, ezin baitituzte abusuzko alokairu basati hauek ordaindu”, salatu zuten plataformakoek. Euskal Autonomia Erkidegoko probintzietako alokairuen prezioen datuak jakinarazi zituzten, eta Gipuzkoan 1258 euroko bataz besteko alokairua dagoela esan zuten. Bataz besteko altuena Donostiak dauka, 1306 eurokoa, “pisu turistikoek eraginda”, Etxegabetzeak Stop-en arabera.
Datorren astelehenean, ekainaren 11an, Euskadiko Etxegabetzeak Stop plataformako hainbat ordezkari Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio saileko sailburu den Iñaki Arriola sozialistarekin bilduko dira. Bertan plataformaren eskaerak jakinaraziko dizkiote.