Altzako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin du udalak
Donostiako Udalak elkarretaratzea egin du gaur Alderdi Ederren, pasa den ostegunean, ekainaren 7an, Altzan gertatutako eraso matxista gaitzesteko. Udal talde guztietako ordezkariek hartu dute parte elkarretaratzean.
Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu zuen ostegunean Altzan emakume bat laban batekin erasotzeagatik. IRUTXULOKO HITZAk jakin zuenez Loiolako kuarteleko militarra da erasotzailea. Auzoko etxebizitza batean emakume bat erasotua izaten ari zela jakinarazi zien poliziari goizeko zortziak aldera. Bertaratu ziren agenteek zauritutako emakumearekin egin zuten topo, eta labankadak bere bikotekideak eragin zizkiola adierazi zien ertzainei.
“Eraso sexistak soberan daude gure hirian, eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu erasotua izan den pertsonari”, adierazi du Eneko Goia alkateak. Era berean, udalak, behar dituen zerbitzuak bere eskura jarriko dituela gaineratu du, eta behar duen laguntza guztia eskainiko diola ere.