'Ikuspuntua da koska' zikloaren bigarren gonbidatua June Fernandez izango da
June Fernandez kazetariak eskainiko du Ikuspuntua da koska zikloaren bigarren hitzaldia. Ostegun honetan izango da, hilak 14, San Telmo Museoan 19:00etatik aurrera. Kazetari feministak Periodismo narrativo feminista izeneko hitzaldia eskainiko du, 10 ingobernables: Historias de transgresion y rebeldia liburuan oinarriturikoa.
Pikara Magazine aldizkari feminista digitalaren sortzaile eta koordinatzaileetako bat da Fernandez. Beste hainbat hedabidetan ere kolaboratzen du, hala nola, Argian, Eldiario.es atarian, El Salton eta Bizkaia Irratian. 10 ingobernables liburuan, hamar heroi gobernaezinen memoria berreskuratu nahi izan du Fernandezek, eta kultur hegemonikoari zein heteronormatibitateari kritika egin dio pertsonaien istorioen bidez.
Maiatzaren 3an, Anna Surinyach eta Marta Ariasek egindako Parteras solasaldiarekin hasi zen zikloa, eta bost hitzaldi izango ditu. Genero ikuspegiarekin lan egiten duten bost kazetarik beren ikuspuntua eta hausnarketak eskainiko dituzte.