Ardatz Atlantikoko Hirien Batzar Orokorra egingo dute Donostian
Donostiak Ardatz Atlantikoko Hirien Batzar Orokorra jasoko du ostegun eta ostiralean, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta. Erakunde honek azaltzen duenez, bere helburua Atlantiko aldeko hiri europarren arteko saretzea eta kooperazioa sustatzea da, hiri horien ahotsa Europar Batasunean entzuna izan dadin.
Ardatz Atlantikoko Hiriek Donostiako Ituna, hiri garapen iraunkor baten alde izeneko dokumentua sinatu zuten 2008an. Sinadura horren hamargarren urtea dela eta bilduko dira berriro Donostian eta hirien elkarrekiko konpromisoa berresteko asmoz itun berri bat sinatuko dute erakundeko kideek. Hain zuzen, batzarraren amaierako ostiraleko ekitaldian Donostiako Itun Atlantikoa: Tokikoaren eta herritarren garrantzia Europar Batasunaren etorkizunean izeneko dokumentua sinatuko dute Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Erakundea Europako 20 hiri eta eskualdek osatzen dute: Cork, Lisboa, Faro, Viana do Castelo, A Coruña, Aviles, Donostia, Xixon, Las Palmas de Gran Canaria, Santiago de Compostela, Santander, Gipuzkoako Foru Aldundia, La Rochelle Agglomération, Brest Métropole , Grand Poitiers, Cherbourg en Cotentin, Lorient Agglomération, Rennes y Rennes Métropole, Saint Nazaire Agglomération y Bretagne Développement Innovation.