Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Kontxa hondartzan egindako ekintza. (Argazkia: Lide Ferreira)
Igandean, ekainaren 17an, asiloa eta mugikortasuna pertsona guztien eskubideak direla aldarrikatzeko protesta egingo dute Alderdi Ederren. 13:00an izango da hitzordua, eta bertan performancea eta musika egongo direla iragarri dute antolatzaileek. 12:00etan giza zutabeak aterako dira hiriko hainbat auzotatik. Egian, Plaza Handin elkartuko dira; Grosen, Txofre plazan, eta Antiguan Alfonso XIII. plazan.
Hainbat eragilek antolatu dute protesta, eta norberak bere maleta eramateko gonbidapena luzatu dute. Hauek dira antolatzaileak: Ongi Etorri Errefuxiatuak Gipuzkoa, Zaporeak, Amnistia Internacional, SOS Arrazakeria, Intermon Oxfam, Caritas, Hotz Zarautz, GOT Grupo Oarso Taldea (murrizketen aurkako plataforma) , SMH eta Amher.
Ekainak 20a Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango da eta data hau aprobetxatu nahi dute pertsona errefuxiatuek pairatzen dituzten egoerak salatzeko. Antolatzaileen arabera, Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik, Europa eta mundua errefuxiatuen politiken krisirik gogorrena jasaten ari dira, eta urtero egoera okertu egiten dela baieztatu dute. ACNURen azken txostenen arabera, 2016an behartutako 65,5 milioi lekualdatze egon zirela adierazi dute deitzaileek, eta inoiz baino errefuxiatu gehiago daudela salatu dute: 22 milioi pertsona, hain zuzen ere.
Hiritarrei eskubideen bortxaketak “gogor eta ozen” salatzeko eskatu diete, eta Europar Batasunaren eta Espainiako gobernuaren erantzun-eza salatu dute. Migrazioen arrazoiak agerian jartzeko garrantzia ere azpimarratu dute: gerrateak, arma-industria, goseteak, pobrezia, kanpo-zorra, aldaketa klimatikoa eta homofobia, besteak beste.