Autobus artikulatu elektrikoa, barrutik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako kaleetan barrena ibiliko da lehen autobus artikulatu %100 elektrikoa, datorren astetik aurrera. Irizar konpainiak sortutako autobusa da, eta Dbus konpainiaren 28 lineako zerbitzuan sartuko da, Amara-Ospitaleak, sei hilabetez. Ondoren, Donostiako udalak erabaki beharko du halako autobus bat erosi nahi duen.
Ie Tram izena du autobus berriak eta 18 metroko luzera du. Ez du igortzen kutsadurarik eta isila da. Diseinu berritzailea du eta estetika aerodinamikoa. Arduradunek azaldu dutenez, barruko elementuei esker, errazagoa izango da bidaiarientzat bertan mugitzea, eta gainontzeko autobusak baino argitsuagoa da -led argiak ditu, leiho handiagoak eta eta behealdean ere leihoak ditu-.
Autobus berria gauean kargatuko dute, kotxetegietan. Hala ere, ibilbidean kargatu beharko dute, Miramonera iristen den bakoitzean, eta bospasei minutuko karga egin beharko du.
Satorralaia mugimenduko lagunek autobusaren aurrean egin dute protesta. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Satorralaiakoen protesta
Autobusa aurkezteko, Alderdi Ederren egin dute agintariek hitzordua kazetariekin. Han azaldu dira Satorralaiako lagunak, “Donostian autobusean bai, metroan ez”, zioten kartelekin eta oihuekin protestan.