Emagin Elkarteak gidatutako autodefentsa feministako saio bat. (Argazkia: Euskal Herriko Bilgune Feminista)
Donostiako Udaleko Berdintasun sailak emakumeentzako autodefentsa feminista ikastaroak antolatu ditu, eraso sexistak prebenitzeko udako kanpainaren barruan. Bi ikastaro izango dira eta Emakumeen Etxean egingo dira. Izen ematea zabalik da eta 943 483 464 zenbakira deituz, berdintasuna@donostia.org helbidera idatziz, edo zuzenean Emakumeen Etxean (Okendo kalea 9) egin daiteke.
Lehen ikastaroa
ekainaren 30ean izango da,
gaztelaniaz. 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara iraungo du eta Isa Bernal Gallastegi izango da dinamizatzailea. Bernal, psikologoa, tratu txar eta genero indarkerian aditua eta autodefentsa tailerren gidaria duela 15 urtetik.
Bigarrena
, uztailaren 7an egingo dute,
euskaraz. Saioak ekainekoaren ordutegi berdina izango du, baina Emagin Elkarteak gidatuko du. Emagin, pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen elkartea da eta honako esparruetan egiten dute lana: formakuntza, ikerketa, dokumentazioa eta ekoizpena. Autodefentsa feministako saio ugari antolatu dituzte Euskal Herri osoko herri eta hirietan.
Antolatzaileek horrela azaldu dute Autodefentsa Feminista zer den:
“Emakumeentzako autodefentsa edo autodefentsa feminista Kanadan sortu zen 70eko hamarkadaren bukaeran. Indarkeria matxistari lotutako gaiak lantzen zituen talde feminista batek diseinatu zuen ikastaro-formatoa, emakume-objektu-pasiboa ikuspegia aldatzeko emakumea-subjektua-aktiboagatik. Orduz geroztik, ezagutza horiek emakumez-emakume transmititzen dira, armiarma-sare bat izango bailira, formatzaile feministen eskutik. Armiarma sareak emakume ugari harrapatu ditu jada mundu osoan. Defentsa pertsonala ikastaroekin dagoen alde nagusia da autodefentsa feministan alderdi psikologikoak eta norbere burua babesteko teknikak lantzen direla ere, ez bakarrik erantzun fisikoa”.