'Soinujolearen semea' filma grabatzen ari dira Miramar jauregian
Bernardo Atxaga idazlearen Soinujolearen semea eleberria zinemara eramango du Fernando Bernues zuzendari donostiarrak. Antzerkira egokitu ondoren, filma egiteko eskubideak lortu eta grabaketa lanetan ari dira. Hain zuzen ere, aste honetan Miramar jauregian dabil lan-taldea. Eraikina Alaska hotela izango da filmean, eta lan-taldea gogotsu dabil lanean. Ikusi grabaketaren bideoa, Berria egunkariaren bidez.
Aktoreei dagokienez, Aitor Beltran (David), Iñaki Rekarte (Joseba) eta Joseba Apaolaza (Soinujolea) dira nabarmentzekoak. Ondorengoak ere filmean agertuko dira: Asier Hernandez donostiarra (Berlino falangista), Cristian Merchan, Bingen Elortza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Laia Bernues eta Eneko Sagardoi. Alor teknikoak aipatzekoak dira Patxo Telleria (gidoigilea), Gonzalo Fernandez (argazki zuzendaria) eta Fernando Velazquez (musika). Abra Proud eta Tentazioa dira filmaren ekoizleak. Urtarrilean estreinatzeko asmoa dute.