170 sorosle inguru Gipuzkoako hondartzetako zaintzaz arduratuko dira
Gipuzkoako hondartza guztietan abian jarri dute Gurutze Gorriko sorospen zerbitzua. Donostiako hondartzetan ekainaren 1ean hasi zen, Zarautz eta Orioko hondartzetan ekainairen 2an eta atzo zerbitzua ireki zuten Hondarribia, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko hondartzetan. 170 sorosle inguru hondartzen segurtasunaz arduratuko dira, banderak jarriko dituzte, bainu-hartzaileak zaindu, galtzen diren pertsonen kudeaketa eramango dute, arriskuei buruz ohartarazi eta erreskate lanak egingo dituzte. Hau guztia aurrera eramateko, hondartza bakoitzean osasun materiala egongo da eta erreskateak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak ere.
Gurutze Gorriak guztira 7.396 arreta egin zituen sorospen eta salbamendu zerbitzua eskaintzen duen Gipuzkoako hondartzetan. Arreta gehienak, osasun-arretak izan ziren, guztira 5.844. Udara, oro har nahiko lasaia izan zen gertakariei eta asistentziei dagokienez. Orokorrean izandako eguraldi txarraren ondorioz hondartzetan egondako jendetza urria izan zen, eta honen eraginez joan den urtean baino %36 arreta gutxiago egon ziren. Artatu ziren osasun laguntza gehienak zauri eta mozketen ondorioz izan ziren (2.610), ondoren xabiroi ziztadak (900) eta traumatismo itxiak (660).
Bainularien erreskateak ere egiten ditu. Joan den udako denboraldian guztira 351 erreskate egin zituzten, 2016 urteko udara denboraldian baino 168 gehiago. Erreskate gehienak Zarauzko hondartzan (155), Zumaiako Itzurun (71) eta Donostiako Zurriola hondartzetan (70) egin ziren. Osasun zentroetara 194 pertsona eraman ziren.
Bainu lagundua eta makulu bereziak
Hondartzara jaisteko eta itsasoan bainatzeko zailtasunak dituztenei ere laguntza ematen diete, aulki anfibio batzuren bitartez. Zerbitzu hau bandera berdearekin egiten da, eta bandera horia dagoenean hondartzako sorosle nagusiak erabakitzen du bainua egingo den ala ez. Bainuak 25-30 minutuko iraupena du eta bi soroslek eta tutore edo laguntzaile batek bainuan laguntzen dute. Bainu lagundua Hondarribia, Kontxa, Getariko Malkorbe, Zarautz, Zumaiako Itzurun, Deba eta Mutrikuko hondartzetan eskuragarri dago.