Igeldotarrek baiezkoaren alde bozkatu dute Gure Esku Dagoren galdeketan
Gure Esku Dagok antolatuta herri galdeketa egin zuten atzo Igeldon. Parte hartzea %37koa izan zen eta gehiengoak baiezkoaren aldeko botoa eman zuen. Hain zuzen ere, 340 pertsonek parte hartu zuten galdeketan. Galdera honi erantzun zioten: Igeldotar gisa, nahi al duzu Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan? Horietatik 317 izan ziren baiezkoak (%93,2), 20 ezezkoak (%5,9) eta 3 txuriak (%0,90).
Iluntzean emaitzak ematearekin batera, ondorengo dokumentua irakurri zuten Igeldoko plazan:
“Ezina ekinez egina. Abenduan genion herritarron garaia zela, gaur frogatu dugu inoiz baino gehiago herritarrok garela protagonista eta antolatzen garenean edozertarako gai garela. Dena dela, hau guztia ez litzateke posible zuek gabe, Mila esker bihotz bihotzez prozesu honetan lagundu gaituzuen guztioi eta gaur bozkatzera hurbildu zaretenoi!
Esan genuen prest geundela eta halaxe da. Prest gaude bidea egiteko. Prest gaude kultura politiko berri bat eraikitzeko. Prest gaude aro berri baten zimenduak eraikitzeko. Prest pausoak emateko, protagonistak izateko. Finean prest gaude etorkizuna erabakitzera eramango gaituen bidea elkarrekin egiteko.
Gaur jauzi handi bat egin dugu, erakutsi dugu Igeldotarrok ere ahaldunduak gaudela eta ez gaudela inoren zain, gure etorkizunaren inguruan erabaki nahi genuen eta erabaki dugu. Ariketa egitea soilik, urrats handia da eta horrela baloratu behar dugu. Honela, erabakitze eskubidea praktikan jartzeko Euskal Herri mailan egiten ari garen bide oparoari gure aletxoa jarri diogu.
Ziklo berri baten hasiera irudikatzen ari gara Euskal Herrian. Burujabetza eta erabakia erdigunean izan behar dituen aro berria. Gure Esku Dagok lau urte eta erdiko ibilbidea egin ondoren, gero eta herritar gehiagok erabaki nahi dutela argi ikusi daiteke, hori izango da erronka nagusia hurrengo urteetan; erabakitze eskubidearen aldeko sare erraldoia osatu eta Euskal Herri mailako galdeketa egitea.
Elkarrekin gauza handiak egin ditzakegu, herritarron garaia da, GURE ESKU DAGO!
ZORIONAK IGELDO!”