Mikel Zabalza eta Angel Portugalen omenezko plaka jarri dute Dbusen egoitzan
Dbusen egoitzan, Euskal Herrian azken hamarkadetan eman den biolentziaren biktima izan diren langileen omenezko plaka bat ipini du gaur Donostiako Udalak, autobus konpainiako langileak ziren Mikel Zabalza eta Angel Portugali aipamen berezia eginez. Zabalza Bidasoa ibaian agertu zen hilik Guardia Zibilarengatik atxilotua izan ondoren, 1985ean. Portugal, berriz, bihotzekoak jota hil zen, 1997an, bere autobusa kale borrokaren ekintza bat jasaten ari zenean.
Eneko Goia alkatea eta udaleko alderdi guztietako zinegotziak plakaren aurkezpen ekitaldian izan dira, Zabalza eta Portugalen familiekin batera. Alkatearen hitzetan: “Keinu xume bat egiteko bildu gara gaur, baina xumea bezain garrantzitsua eta, batez ere, sentitua da”. Idoia Zabalzak eta Maria Molinos Portugalen alargunak hartu dute ondoren hitza. Ekitaldia txalo artean amaitu dute.