Eusko Ikaskuntzak jasoko du Donostiako Urrezko Domina
Eusko Ikaskuntza erakundeak jasoko du Donostiako Urrezko Domina. Horren berri emateko ekitaldia egin dute udal batzar aretoan. Udal taldeetako bozeramaileek eta Eneko Goia alkateak hartu dute hitza erabakiaren arrazoiak azaltzeko. Guztiek azpimarratu dute Eusko Ikaskuntzak euskal kultura garatzeko egindako lana. Uztaileko udalbatzarrean berretsiko dute erabakia.
Eusko Ikaskuntzak hiriarekin lotura estua izan du 100 urteotan, eta mendeurrenarekin bat eginez jasoko dute saria. 1918ko abenduaren 22an sortu zen Eusko Ikaskuntza. Hegoaldeko lau probintzietako aldundiek proposatu eta azken burura eraman zuten. Euskal kultura hedatzeko, ikertzeko eta Euskal Herriko hainbat arazoentzako irtenbideak topatzeko helburuarekin jarri zuten abian.
Egoitza Donostian jartzea erabaki zuten, Nafarroako ordezkariek hala proposatuta. “Euskal Herriko hiriburuen artean zentrikoena zen eta iristeko errazena zen”, adierazi zuten orduan. Euskal kultura modernoa sustatu zuen erakundea izan zen, eta 100 urteren ondoren Miramar jauregian bere jarduerari jarraipena ematen dio. Erakundeak hasieratik izan du udalaren laguntza.
Lorpen asko ditu Eusko Ikaskuntzak. Hala nola, Euskaltzaindia Euskararen Akademia sortzeko bilera eta lan guztiak, eta ikastolen sorreran izandako parte hartzea. Miguel de Muñoa eta Elbira Zipitria erakundeko bazkideak izan ziren. Horrez gain, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan Euskal Liburutegia jarri zuen, bertatik bi lan ildo ezartzearekin batera: Euskal Unibertsitatea eta autonomia politikoa. 1927an Donostian Unibertsitate mailako Udako Ikastaroak hasi zituen, eta Euskal Unibertsitatearen lehendabiziko urratsak egiten hasi zen 1932an, Donostiako Ikasketa zientifikoen zentroa sortuz. Euskarazko antzerkia ere sustatu zuen Eusko Ikaskuntzak, eta esfortzu handia egin zuen emakumeak kulturaren eta zientziaren alorrean barneratzeko.
Espainiako gerrak eta frankismoak eten zuten erakundearen ibilbidea; debekatu egin zuten. Diktadura bukatuta, 1978an lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Eusko Ikaskuntzak, eta Donostiako egoitza euskal ikaskuntzen eta ikerketen gune bihurtzeko erabakia hartu zuen.
Urrezko Domina
1926ko apirilaren 12an adostuta sortu zuten, eta urte bereko ekainaren 8an onartu zuten udal batzar aretoan.
Aho batez hartu du erabakia Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak.
- 1926-08-11 Maria Cristina erregina
- 1926-09-06 Alfonso XIII erregea
- 1926-09-06 Viktoria Eugenia erregina
- 1927-03-07 Jose Elosegi
- 1932-10-16 Donostiako Orfeoia
- 1939-06-28 Francisco Franco diktadorea (2002ko azaroaren 29an, EAJk eskatu zuen domina itzultzeko, baina eskaera ez da bete)
- 1949-05-18 Pilarreko Andre Maria
- 1963-09-05 Koruko Andra Mari
- 1963-05-04 Gipuzkoako Foru Aldundia
- 1969-08-29 Federico Silva Muñoz
- 1975-03-21 Donostiako Aurrezki Kutxa
- 1984-04-12 Gipuzkoako Sozietate Ozeanografikoa
- 1986-06-24 Nicanor Zabaleta Zola
- 1990-01-16 Joxemiel Barandiaran
- 1992-08-10 Eduardo Chillida
- 1994-07-29 Juan Maria Arzak
- 1995-02-13 Gregorio Ordoñez (hil ostean)
- 1998-07-22 Reala
- 2000-07-18 Pedro Miguel Etxenike
- 2003-01-30 Terrorismoaren biktimak
- 2005-09-10 Aranzadi Zientzia Elkartea
- 2008-06-21 Donostiako Atletiko
- 2009-12-01 Mikel Laboa (hil ostean)
- 2011-01-29 Onkologikoa
- 2013-08-30 Euskadiko Orkestra Sinfonikoa