Kote Cabezudo auziaren inguruko erakunde adierazpena aurkeztu du Donostiako Udalak
epaileak baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri zion Cabezudori, bere kontrako auzia amaitu bitartean. Hona hemen Donostiako udalaren adierazpen osoa:
ERAKUNDE ADIERAZPENA, KOTE CABEZUDO ARGAZKILARIA AKUSATU GISA INPLIKATUZ SEXU ABUSUAK SALATU DITUZTEN BIKTIMEI BABESA AGERTZEN DIENA
Orain dela gutxi, garrantzi publikoa hartu dute 30en bat urtean Donostian jazo diren gertakari batzuek, eta gertaera horietan Kote Cabezudo argazkilaria dago inplikatuta akusatu gisa. Besteak beste, haur pornografia produzitzeko eta zabaltzeko ekintzetan eta sexu abusu nahiz mehatxuetan oinarritzen dira salaketak, eta biktima gehienak neska adingabeak dira, salatutako gertakarien garaian modelo izateko asmoa zutenak. Une honetan, oraindik amaitu ez den prozesu judizial batean ari dira aztertzen gai horiek.
Lehen salaketak egin zirenetik, tramitazio judiziala geratuta egon da 5 urtez, harik eta aurtengo martxoan zigor arloko prozesua berriro abian jarri den arte, kasua instruitzen zuen epailea kargugabetu (prebarikazio salaketa larriengatik ere kereila bat jarri diote epaile horri) eta beste epaile instruktore bat izendatu ondoren. Prozesuaren atzerapen horrek kezka sortu du herritarrengan; salaketa aurkeztea erabaki duten biktimen kopuruak, berriz, gora egin du, akusatua orain dela gutxi baldintzarik gabeko presoaldian sartu dutela eta.
Jakin badakigu ustezko biktima guztiek ez dutela salaketa aurkeztu eta haietako bakoitzaren erabaki pertsonalak errespetatu behar ditugula, baina salatzera animatu direnen ausardiaren balioa azpimarratu nahi dugu. Salaketarik gabe ezin da ezer egin, eta zailtasunak egonda ere, salatzen duten pertsonei esker, justizia epaitegiek epaitu eta zigortu arte jazar ditzakete erasotzaileak.
Sarritan, ez dugu izaten adingabeen aurka egindako sexu abusuen eta erasoen berririk pertsona horiek helduarora iritsi eta kontatzen dituzten arte, baina horrek ez du esan nahi gertaerok aitortu behar ez ditugunik eta pertsona horiei laguntzen konprometitu behar ez dugunik. Horretarako bidea gertakari horien ikerketan laguntzea, kasuak ezagutaraztea eta biktimei elkartasuna adieraztea da.
Adingabeei egindako abusuak, zoritxarrez, gaur egun ere gertatzen dira, eta beharrezkoa da gai hori aztertzea. Gainera, kontuan izan behar da erasotzaileak askotan adingabeen inguruko pertsonak izaten direla; hau da, biktimak ikaratu eta behartu aurretik, haien konfiantza duten edo irabazteko ahalegina egiten duten pertsonak.
Ondo dakigu delitu egoera horiek zailtasunak ekartzen dituztela, baina dagoeneko aurkeztu diren salaketak ezin ditugu alboratu; tramitazio judiziala eragin dutenak, hain zuzen. Nahi genukeena baino ohikoagoa da mota horretako egoerek sinesgaiztasuna, ezina eta erresistentzia sortzea inork desio ez duen errealitate mingarri horretara gerturatu behar izatean, baina behar-beharrezkoa da errealitate horri aurre egitea eta beste alde batera ez begiratzea, bai eta arazo hauek beste batzuenak ez direla pentsatzea ere.
Donostiako Udalak biktimak babesteko beharra azpimarratzen jarraituko du, udal baliabideak haien eskura jarriz eta, horrelako delituen prebentzioan aurrera egiteko, sentsibilizazio kanpainak bultzatuz.
Hori dela eta, honako hau aurkezten dugu:
ERAKUNDE ADIERAZPENA
1) Donostiako Udalak elkartasuna adierazi nahi die sexu erasoen biktima guztiei. Ildo horretatik, biktima guztiei begirune berdina zor zaiela uste du, bai eta bakoitzaren egoera pertsonala errespetatu behar dela ere.
2) Donostiako Udalak udal baliabideak jarriko ditu Kote Cabezudo salatu duten biktima guztien eskura; gainera, dagokien arreta eskainiko die eta horrelako kasuetarako ezarrita dauden jarduketa protokoloak aplikatuko ditu.
3) Donostiako Udalak bat egingo du errealitate hori salatzeko antolatzen diren herritarren mobilizazioekin; horrela, babesa erakutsiko die biktimei eta gaitzetsi egingo ditu delitu jokabide horiek.
4) Donostiako Udalak behar diren baliabideak jarriko ditu Kote Cabezudoren kasuan justizia eskatzen dutenen eskura, kasua hirian ezagutzera eman dadin.
5) Donostiako Udalak, Kote Cabezudoren kasuan justizia eskatzen dutenekin batera, ahal duen guztian delituen ikerketan laguntzeko konpromisoa hartzen du.
Donostiako Udala
Donostiako Udalak Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren auziaren inguruko erakunde adierazpena onartu du gaur, udaleko alderdi guztien babesarekin. Komunikatuan, sexu abusuen kasua ezagutarazi eta biktimei elkartasuna adierazteko garrantzia nabarmendu du udalak. Era berean, bere baliabideak biktimen eta justiziaren eskura jarriko dituela azpimarratu du adierazpenean.
Maiatza hasieran,