Astiñeneko zubia uztaileko lehen astean irekiko dute oinezko eta bizikletentzat
Loiola eta Egia lotzen dituen Astiñeneko zubiaren irekiera atzeratu egingo da. Alfonso Gurpegi Gune Publikoetako zinegotziak baieztatu duenez, uztaileko lehen astean zabalduko dute zubia oinezko eta bizikletentzako. Aldiz, uztailean zehar irekiko dute motordun ibilgailuentzat.
Datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordean adostuko dute lanak beste bi astez luzatzea. “Erabaki honek ez du atzerapenik eragingo lanetan. Zubia asfaltatzeko eta zamaketa frogak egiteko baliatuko da denbora hori”, adierazi du Gurpegik.
Lanak luzatzearen arrazoiak bi direla azpimarratu du: “Azken hilabeteetako euriteen eraginez luzatu behar ditugu lanak, eta baita ere, ekainaren 9 eta 10eko asteburuan sabotaje bat egon zelako. Laneko kableak eta mahukak moztu zituzten. Ekintza bandaliko hauek gizarte osoa kaltetzen dute”.