8 milioi euro inguru bideratu ditu udalak etxeak eraberritzeko, legealdi honetan
Donostiako etxebizitzak zaharberritu eta birgaitzeko udalak bideratutako diru laguntzen berri eman du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak. Legegintzaldi honetan, udalak 7.800.000 euro jarri ditu hiriko etxebizitzak eraberritzeko. Erantzundako diru laguntza espedienteak 602 izan direla gaineratu du.
2014an etxeak birgaitzeko ordenantza berria onartu zuen udalak. Ordutik, bideratu diren laguntzen kopurua handiagoa dela esan du Ramosek: “Araudi berria indarrean sartu zenetik, orotara, 10.102.713,48 euro bideratu dira”.
Diru banaketa sailkatu beharko balira, fatxadak eta estalkiak isolatzeko laguntzak dira gehien onartu direnak: 5.835.273,94 euro (%57,76). Bigarren, Eraikinen Azterketa Teknikoak eskatutako obrak egiteko eskatutakoak izan dira: 2.330.744,22 € (%23,07), eta hirugarren irisgarritasun obrak egiteko eskatutakoak (igogailuak jartzeko, eta abar): 1.602.525,07 € (%15,86).
Eskaera guztien artetik 802 dira laguntza jaso dutenak. Komunitate eta etxebizitzek egin dituzte eskaera horiek. Auzoei dagokienez, Ramosek azpimarratu du Erdialdea, Amara Berri eta Groseko etxebizitzak izan direla diruz gehien lagundu direnak.