Irakurzaleak Plaza Haundin elkartu dira
Egian literatur solasaldiak egiten ari dira. Euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta euskarazko literatura sustatzea dute helburu. Otsailean elkartu ziren lehen aldiz, proiektua aurkeztu eta irakurzaleek elkar ezagutzeko. Edu Zabalak gidatzen ditu solasaldiak, eta Egia Euskaraz, Egia Bizirik auzo elkartea, Bagera elkartea eta Egia Kultur Etxea ari dira egitasmo hau dinamizatzen.
Jon Arretxeren 19 kamera, Garazi Arrula Ruizen Gu orduko haiek, Iñaki Petxarromanen Kearen fiordoa eta Garbiñeren Mila ezker liburuen inguruko solasaldiak egin dituzte martxotik. Egia kultur etxean elkartu ohi dira, baina azkena kalean egin zuten, Plaza Haundin. Eguraldi ona lagun, atari zabalean egiteko aukera izan zuten. Asteartean egin zuten uda aurreko azken solasaldia. Horrela, ikusgarritasun gehiago eman nahi izan diote egitasmoari.
Orain udan eten bat egingo dute, eta irailean elkartuko dira berriz. Oporretan etxeko lanak izango dituzte, Alberto Irazuren Rocka puntua! liburua irakurri beharko dute eta. Irailaren 26an hitz egingo dute liburuaz, 19:00etan. Herenegun bezala, kalean egiten saiatuko dira.