(Irudia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak eta Abastos Gestion enpresak akordioa lortu dute Bretxako berritzeari hasiera emateko. Enpresa da Bretxako emakiduna, eta horrela, Arraindegia eraikinaren eta merkatal zein hiri-gune guztiaren berrikuntza abian jarriko dute.
Hitzarmena hurrengo astearteko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dute. Bertan zehazten da proiektua eta Bretxak izango duen erabilera komertziala. Eneko Goia alkateak akordioaren garrantzia azpimarratu du: “Bretxako proiektua hiri osokoa da, eta hiriaren bihotzean dagoen gune bat guztiz aldatuko du. Mugarri izango da”.
Bertako produktuaren betiko merkatua mantenduko du Bretxa berrituak. Hau da, Arraindegia eraikinaren kaleko mailan kokatuko da betiko merkatua. Duela gutxi iritsi dira adostasunera enpresa eta merkatuko poestuetako jabeak. Horrela, merkatuaren izaera mantendu eta tokiko produktuari zein euskal gastronomiari duen garrantzia emango diote.
Baserritarren postuak ere lekuz mugituko dira, eta San Juan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldeko aurrealdera pasako dira; Bretxako plaza bertara. Gaur egun plazaren erdian dagoen eraikina –Tupperware gisara ezagutzen dena– eraitsi eta plaza publiko bihurtuko dute. Ondorioz, baserritarren postuen eta betiko merkatuaren arteko bidea hobetuko da, aurrez aurre egongo direlako. Beheko solairura jaisteko sarrera lekuz aldatuko dute; plaza erdian egotetik alboan egotera pasako da, Aldamar kalera.
Zerbitzu berriak
Arraindegia eraikina osasun zentro batek eta kirolgune batek osatuko dute. Bi instalazio horiek zerbitzu publiko berriak izango dira. Eraikinaren lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan kokatuko dira. Osasun zentro berriak Erdialdeko eta Parte Zaharreko biztanleei eskainiko die zerbitzua. Hiru solairuetan egokituko dute zentroa.
Kirol instalazioa, aldiz, bigarren eta hirugarren solairuan kokatuko dute. Kirol anitzetarako pista estalia izango du. Instalazio bakoitzak sarrera propioa izango du Aldamar kaletik, eta ondorioz, espaloia zabalduko dute bertatik jende gehiago ibiltzea espero delako.
Arkoak eraikinari dagokionez, Plan Berezia onartzen denean eraikina eraikiko da, beti ere, eraikinaren hasierako itxura berreskuratuz eta barrualdeari permeabilitate handiagoa emanez.
Akordioa
Udalak enpresari kobratuko dion kanona jasotzen du hitzarmenak. Hain zuzen ere, 3 milioi eurotan ezarri dute. Enpresak kanon hori ordainduko du lanengatik. Hori dela eta, udalak enpresaren esku utziko du Arraindegia eraikina eta beste hainbat espazio. Behin lanak bukatuta, eraikinaren zati bat itzuliko dio udalari; osasun zentroa eta kirolgunea.