Eragindako alde guztiak bilera batera deitu ditu Donostiako Atletikok
Larunbatean Donostian egin zen Emakumeen Herri Triatloian euskaraz hitz egiteagatik lasterkari bat deskalifikatu zutela salatu dute zuten atzo bi donostiarrek. Donostiako Atletiko da kirol proba honen antolatzailea, eta ohar baten bidez “tristura” adierazi nahi izan du, “salaketa larriak eta honek izan dituen ondorioek” sorrarazitako egoera dela eta.
Atletikoren oharra:
Donostiako Atletikok agiri honen bidez bere tristura adierazi nahi du iragan larunbatean, ekainaren 23an, Emakumearen 10. Triatloian izandako salaketa larri eta horren ondorioek sorrarazitako egoeragatik. Atletikok euskararen eta eleaniztasunaren alde dagoela azpimarratzen du, bere komunikazio, sare sozial eta ekintzek erakusten duten moduan.
Azken batean hau da egoera: kaltetutako triatleta bat dago, deskalifikatua izan zena, bere
hitzetan, euskaraz hitz egiteagatik; eta epaile bat Triatloiko Euskal Federaziokoa, aurrekoa
ukatu eta “ofizial bati begirunea galdu” izanagatik deskalifikatu zuela adierazten duena. Eta
bide batez argitu nahi dugu epaile eta ofizialen izendapen eta kudeaketaren arduraduna Triatloiko Euskal Federazioa dela.
Larunbatean, partehartzaileak gertatua adierazi eta egoera argitzen saiatu ondoren,
antolakuntza saiatu zen bi aldeak elkartzen, baina Euskal Federazioak une hartan bertan
garbitu zuen arazoa. Hala eta guztiz, kaltetutako atletak Klubarekin harremanak izan ditu
gertatua salatzeko. Azkenik, Donostiako Atletikok bilera batera deitu ditu bihar arratsalderako
eragindako alde guztiak.