Martxup programarako proposamenak aurkeztu daitezke
Iritsi da Martxup programa, bigarren urtez jarraian, Donostiako Udaleko Gazteria Sailaren eskutik. Gazteen ideia, erronka eta proiektuak bultzatu eta martxan jartzeko jarduera da, 18 eta 30 urte bitartekoei zuzendua, eta uztailaren 16a arte egongo da aukera proiektuak aurkezteko. “Donostia Gazteriaren erronka nagusietako bat indartzea da haur, nerabe eta gazteen arloak. Sustatu nahi dugu gazteen ahalmen sortzailea eta berritzailea, eta laguntza eman hirian eragile aktibo eta sortzaileak izan daitezen”. Gainera, haien partehartzea ere bultzatu nahi dute.
Jarduera bereziak antolatu eta abian jarriko dituzte helburu horiekin, gazteen partehartzea sustatzeko eta harremana sendotzeko gazteen eta Gazteria Bulegoaren artean. Guztia, Mondragon Team Academyrekin elkarlanean.
Aukeratutako proiektuek laguntza tekniko profesionala jasoko dute haien eskutik behin betiko aurkezpena egin ahal izateko. Proiektu bakoitza banaka landuko dute, egokitzeko asmoz talde eta proiektu bakoitzaren beharretara. Udalaren laguntza ere jaso ahal izango dute, behin betiko proiektuen eta udalaren gaitasun ekonomikoaren arabera.