Ruanda eta Palestinako giza ekintzako hiru proiektutan parte hartuko du udalak
Donostiako Udalak Ruanda eta Palestinako lurralde okupatuetako giza ekintzako hiru proiektutan parte hartuko du, 11.630 euroko diru laguntza eskainiz. Lankidetza atalak ekialde hurbileko herrialdeko bi egitasmo eta Gurutze Gorriak Ruandan duen proiektu bat finantzatuko ditu diru kopuru horrekin.
Martxoaren 3an Ruandan gertatutako uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko abiatu zuen Gurutze Gorriak bere proiektua. Sebeya Ibaiak gainezka egin zuen eta, horren ondorioz, 25.000 pertsonak euren etxebizitzak galdu zituzten. Udalak bideratutako dirua kaltetutako 140 pertsonentzako etxebizitzak eraikitzeko erabiliko da.
Palestinan finantzatuko den proiektuetako bat herrialde okupatutako biztanleen osasun zerbitzuen hobekuntzan oinarritzen da. Hain zuzen, sendagaiak eta tratamendu medikoa emango dizkiete Ramallaheko, Nabluseko eta Hebroneko gobernazioetako landa guneetan bizi diren pertsonei, bertan Palestinako osasun sistema publikoak ezin baitu beharrezkoa den zerbitzua eman.
Beste proiektua, aldiz, Gazan bizi diren palestinarren egoera eta bizi baldintzak hobetzea du helburu. Izan ere, hamaika urteko blokeo militarraren ondorioz, segurtasun faltaz gain, iraganeko gatazkek eragindako traumak eta oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak pairatu behar dituzte Gazako biztanleek, eta horrek antsietatea eta estresak jota bizitzera eramaten ditu. Mundubat fundazioaren bitartez kalte horiek gutxitzea bilatzen dute adingabe eta emakumeei laguntza psikosoziala eskainiz.