(Argazkia: Estitxu Zabala)
2013an arrain salmenta utzi zuen portuan Donostiako Arrantzaleen Kofradiak; hainbat mugimenduren ostean, hasi dituzte lonjaren eraikina eraberritzeko lanak.
Arrain salerosketan mugimendu handia izan zuen garai batean Donostiako portuak. Duela ehun urte baino gehiago sortu zuten Donostiako Arrantzaleen Kofradia, eta beste herri batzuetako ontziak ere etortzen ziren Donostiara, euren arraina bertan saltzera. Denborarekin, ordea, mugimenduak behera egin zuen, eta 2013an Donostiako Arrantzaleen Kofradiak bertan behera utzi behar izan zure bere jarduera. Ordutik zalantzan egon da Kaiko Portaaviones delako eraikinaren etorkizuna. Otsailean, ordea, Eusko Jaurlaritzako eta portuko beste arduradun batzuek aurkeztu zuten eraikinaren proiektua. 1,5 miloi euroko aurrekontuarekin, martxoan hasi eta bost hilabetean lanak bukatzea aurreikusi zuten. IZA Obras y Promociones S.A enpresa ari da lanak egiten, Donostiako VAUMM arkitekto taldeak diseinatua.
Salmenta itxi zutenetik herritarrak ere mugitu izan dira, baina lorpenik gabe. 2016an, esaterako, Maiatzaren lehena baliatuz, arrantzaleen lonja sinbolikoki okupatu zuten zenbait herritarrek, «beste hiri eta kultur eredu baten alde». Aldi berean, Kaiaren eta hiriaren pribatizazioaren aurka egin zuten.
Jaurlaritzaren arabera, arrantza eta itsaso jarduera bultzatuko ditu gune berriak: «925 metro koadroko azalera edukiko du eta hainbat jarduera hartuko ditu: arrantzarekin loturik dauden erabilerak; baxurako arrantzaren balioztapen zentroa; eta portuko erabiltzaileentzako harrera gunea eta zerbitzuak. Donostiako portuko erreferentziazko gunea bilakatuko da».
Momentu honetan, Donostian lau arrantza itsasontzik dute lekua, eta euren arraina Pasaian saltzen dute. Horretaz, gain, kofradia osatzen dute erretiratutako arrantzaleekin batera.
Bi lagunen ahotsak jaso ditugu: Miren Garmendia, Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako Federazioko idazkaria; eta Ander Murua, Parte Zaharreko bizilaguna eta Kaiko jai batzordeko kidea.
Erabakiarekin pozik dago Garmendia: «Proiektua lantzen ari gara, eta laster errealitatea izango da. Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean aritu gara, arrantza aktibitateak ia presentziarik ez duen arren, gure ondarea mantendu ahal izateko. Gerturatu nahi dugu arrantza eta itsas mundua jendearengana, eta hainbat jarduera garatuko dira bertan».
Murua ez dago pozik aldaketarekin: «Auzoan bertan ikusten ditugu gero eta pentsio eta hotel gehiago. Auzotarrek leku gutxi dugu auzoan, eta dena turismoari begira egiten ari dira».
Horrela, Kaiko egoera horren adierazgarri dela dio: «Itsasoarekin lotutako museo bat egin nahi dute, baina baita jatetxe bat ere, eta ez da auzokoentzako izango. Gure familia Kaikoa da betidanik, eta auzoa galtzen ari da arrantzaleen bizi hori, bizitza ematen ziona».
Kaiko jaietan aldaketak
Duela sei hilabete jakin zuen Kaiko jai batzordeak proiektuaren berri: «Ezustekoa izan zen guretzako, azpiegitura guztia aldatu beharra genuelako. Bilera bat eskatu genuen berehala Eusko Jaurlaritzarekin eta udalarekin, baina danborrada eta kaldereroak tarteko, bilera asko atzeratu ziguten». Azkenean jaien gunean Lastara igaro dute:?«Egia esan, erraztasunak eman dizkigute, baina moldaketak egin behar izan ditugu. Haurren jolasak, esaterako, Trinitate plazan egingo ditugu, eta agertokia aurrekoetakoa baino txikiagoa izango da».