'Alde Zaharra bizirik' eguna ospatu dute auzoko gazteek
Alde Zaharra bizirik eguna ospatu dute gaur, ekainak 30, Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek, Alde Zaharra gaztetzera goaz! lelopean. Jai giroak eta aldarrikapenek bat egin dute gaurko egunean, eta hainbat jarduera egin dituzte.
Eguna hasteko, desagertzeko zorian dagoen Rekalde tabernan elkartu dira gazteak gosaltzeko, eta ondoren, Alde Zaharretik Visit your auzoa izeneko tour turistikoa egin dute, auzoari “lapurtu” zaizkion lekuetatik pasatuz. Lehenik, Bretxako merkatura joan dira eta McDonalds janari azkarreko kateko lokalean sartu dira irakurketa bat egitera. Ondoren, Donostiako turismo bulegora joan dira “hirian sustatzen ari diren turismo eredua” salatzeko. Bulebarretik barrena, Lasala plazara joan dira eta eraikitzen ari diren hotel berrian egin dute geldialdia. Gero, kaira abiatu dira eta Santa Maria eliza aurrean bukatu dute ibilbidea, bertako eraikin batean egingo duten hotelaren aurka protesta egiteko.
Tour-a bukatu ostean, Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek Aldamar kaleko 32 zenbakiko lokala okupatu dute, auzo lokal bilakatzeko helburuarekin. Duela urte batzuk bideoklub bat zegoen bertan, baina denbora da hutsik dagoela. Bertan bazkaldu eta garbitu eta txukuntzeari ekin diote auzolanean.
Erlazionatutako edukiaAgus Rodriguez: "Parte Zaharretik alde egitera behartu gaituzte"