Bego Etxeberria euskaltzaleari omenaldia egin diote
Ekainaren 7an hil zen Bego Etxeberria euskaltzalea, 76 urterekin, eta atzo, ekainaren 29an, omenaldia egin zioten lagun, ezagun, militantzia kide eta familiakoek.
Amaiur parkean egin zuten ekitaldia eta txalaparta hotsekin eta bertso artean hasi zen. Ondoren, agurra dantzatu zuten eta bere bizitzan zehar bidelagun izan zituen eragile askotako kideek testuak irakurri zituzten bere oroimenez, hala nola, Bagera elkartea eta Euskal Herrian Euskarazekoek, Sortu eta Ilunki kultur elkartekoek, Bagerako mendi taldekoek, Elkarrizketa filosofikoak egitasmoko kideek, Ikasbideko kantu taldekoek eta Gure Esku Dagokoek. Bakoitzak bere aletxoa bere modura jarri bazuen ere, denek oihukatu zuten bihotzetik eta aho batez “gora Bego!”. Irakurketak amaitu ostean, haritz-kimu bat landatu zuten eta bertaratu zirenek Azkaindarrak dantza dantzatu zuten borobilean. Donostia Kantuz taldekoek Mendian gora kantua abestu zuten eta omenaldian zehar mezuak idazteko liburu bat jarri zuten, nahi zuenak Begori azken agurra idazteko.
Etxeberria gernikarra zen jaiotzez, baina Donostian pasa izan zituen bere bizitzako urte asko, bizitza justuago baten aldeko borroka etengabean. Duela egun batzuk, honakoa idatzi zuen Izarne Zelaia bertsolariak Irutxuloko Hitzan:
“Lehentasuna eman nahiko nioke emakume handi bati: Bego Etxebarria, euskaltzale militantea. Jaiotzez gernikarra, baina Donostiar sentitzen genuena; bizitza kolektibo baten baitan ulertzen zuena. Euskalgintzaren inguruan ezagutu banuen ere, bere lagun min bati galdetu diot zein taldetan aritu izan zen Bego. Zerrenda amaiezina da, bere konpromisoa zen bezalaxe: frankismo garaian klandestinitatean aritu zen langileen komiteetan, Herri Batasunan eta ezker abertzaleko antolakuntza desberdinetan ere ibili izan zen. Mugimendu sozialei dagokienez, Euskal Herrian Euskarazen eta Amnistiaren aldeko mugimenduan aritu izan zen, besteak beste. Eta azken boladan, Bagera euskaltzaleen elkartean, Ikasbide elkarteko eta Donostiako kantu jiran, Amarako ezker abertzalean, elkarrizketa filosofikoetan… zerrendak ez du etenik. Sendiak antolatu zuen azken agurrean bere anaiak hala esan zuen: “Halakoxea zen Bego, eta ez genion aldatzeko eskatu, alperrik izango zen…”. Irribarre bat erauzi zigun bertaratutako guztioi. Eskerrak halakoxea zen, bai. Izaera sendokoa, injustizien aurrean lanerako prest zegoena, eta babesa eta gertutasuna azaltzeko erreparorik gabea. Amesten zuen Euskal Herria lortzeko bidean ale ederra utzi du. Ezin genezake esan, beraz, ezagutzera emateko moduko eredurik ez dugunik. Mila esker, Bego”.