Antso Jakitunaren hiribideko espaloia egokituko dute
Amara Berriko Antso Jakitunaren hiribideko espaloiaren alde bakoitia egokituko du Donostiako Udalak. Bihar, asteartea, onartuko dute Tokiko Gobernu Batzordean. “Azkenean argia ikusi du inguruko jabeekin eta merkatariekin adostutako proiektuak. Aldaketa garrantzitsua izango da hiribidearentzako”, azaldu du Ernesto Gasco alkateordeak. Obrak 1.635.520 euroko aurrekontua du.
Alde bakoitian dauden parterreak kenduko dituzte. Ordutik aurrera, hamaika metro zabaleko eremua izango dute oinezkoek. Era berean, ostalariek terrazak jartzeko aukera izango dute. Aldaketa posible egiteko ados jarri dira bizilagunekin, lurpeko aparkalekuetan gertatu den filtrazio eta hezetasun arazoa konpontzeko.
“Lorategi eremuak ez dira kenduko; galtzadaren ondoan jarri baizik. 5,5 metro zabaleko parterre berri batzuk jarriko dira errepidea eta oinezkoentzako bidea bereizteko, eta horrek segurtasun handiagoa emango die oinezkoei”, esan du Gascok. Oinezko pasabide zabaltzearekin batera, LED teknologiako argi publikoak eta hiri altzari berriak jarriko dira.