Donostiako mugimendu feministaren antolakuntzari buruzko hausnarketa egingo dute
Martxoaren 8ko grebak milaka feminista bildu zituela gogoratzen dute antolatzaileek, baina pertsona guzti horiek mugimendu feministaren baitan edo antolatutako esparruetan biltzea falta dela gaineratu dute: “indar feminista handia dago hirian, baina antolamendu eraginkor bat behar dugu”.
Pasa den ekainaren 19an, Erailketa Matxistei Aurre Egiteko EHko Mundu Martxaren Protokoloaren inguruan ideiak partekatu eta analisi komun bat egiteko bildu ziren. Hainbat ondorio atera zituzten bileratik eta hauek izango dira asteartekoaren abiapuntua:
– Beharrezkoa da Donostia mailako antolakuntza feminista bat, emakumeak* hiltzen dituztenean mobilizazioak deitzeko, baina baita beste hainbat eraso salatzeko ere.
– Donostian dagoen indar feminista deszentralizatuta dago eta hori interesgarria izan daiteke hirian erantzun deszentralizatuak bultzatzeko.
– Asanblada indar deszentralizatu horren artikulazio eta koordinazioa bermatzeko gunea izan daiteke.
– Ardurak eta lidergoak banatu eta kolektibizatu behar dira. Txandakako mekanismo eraginkorrak sortzeko beharra dago.