‘Bizi Bizia Berhezi’ proiektuko Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola, Martin Ibabe Gazteriako zinegotzia, Esti Beraza MATeko kidea eta Gazteria saileko Imanol Telleria. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Hiriko gazteen proiektuak garatu eta aurrera eraman ahal izateko
MartxUp! programa abian jarri du Donostiako Udalak. Egitasmoa bigarren urtez gauzatuko dute, gazteria saila eta
Mondragon Team Academyren (MTA) elkarlanari esker.
Programak gazteak bertako gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan bultzatzea du helburu, beraien ahalmen sortzaile eta berritzailea sustatuz. Horretarako, 18 eta 30 urte bitarteko donostiarren proiektuak biltzen dabiltza ekainaren 13tik, eta horretan jarraituko dute
uztailaren 16ra arte. Lehenengo fase horretan ideiak aurkeztuko dituzten pertsonei prestaketa tutorizazio bat eskainiko zaie ondoren, proiektua ebaluatu, garatu eta behin behineko proposamen bat aurkeztu ahal izateko.
Ondoren aukeraketa fasea egingo dute, iraileko azken astean. Hautatutako proiektuak zehazte eta lanketa fase batera bideratuko dituzte, bere arduradunak finkatutako erronkaren araberako formazioa jasoko dutelarik. Prozesu horretan MTAko kideen laguntza tekniko profesionala izango dute, abendu erdialdean behin betiko proiektua aurkeztu ahal izateko.
Proposamenek Donostia izan behar dute garapen-eremu gisa, eta hautaketan proiektuaren bideragarritasuna, originaltasuna eta zehaztapen maila hartuko dituzte balorazio irizpidetzat.
‘Bizi Bizia Berhezi’ proiektua martxan
Iaz hamar proiektu desberdin aurkeztu ziren MartxUp! programan, eta gehienak bidean gelditu ziren arren, ‘Bizi Bizia Berhezi’ proiektuak aurrera egin darrai. Egitasmo honen helburua Donostiako Tranbia Konpainiaren aparkalekuaren ondoko berdegune zabalean haurrek diseinaturiko parke bat sortzea da. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat abiatu dute Zurriola ikastolako ikasleekin, eta datozen asteetan auzoko haur eta bizilagunekin bilduko dira proiektuari forma ematen jarraitzeko.
DBUSen aparkalekuaren handitzea urte amaiera baino lehen bukatzea espero du udalak, eta obra ostean geratuko den eremuan hasiko dute ondoren parkearen eraikuntza. Alubi partaidetza elkarteko Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola dira proiektuaren arduradunak, eta euren helburua umeek askatasunean hazi eta naturarekin duten harremana mantentzea da, “hiriko espazio publiko bati bizia emanez”, Esnaolaren hitzetan. Parkeari
Sorlekua izena jarriko diote.