Jose Migel Barandiaran kaleko obrak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Pasa den ostiralean, ekainaren 29an, hasi zituzten Jose Migel Barandiaran kaleko espaloiak txukuntzeko obrak eta uztailaren erdi alderako eginda izango dira.
Zabaldu egingo dute institutuaren eta Añarbeko Uren eraikinaren arteko espaloi tartea eta orain dagoen ertza kendu eta hormigoia botata zabalduko dute espaloia. Beste ertz bat jarriko dute gero espaloiaren izkinan. Bi aste pasatuko dituzte hormigoia bota eta hura inprimatzen, baldin eta hartarako eguraldi aproposa izaten bada. Hormigoia bota aurretik, euri ura biltzeko hodi berri batzuk ere sartuko dituzte.
“Hiriaren inguru horretako irudia hobetzeko asmoa dugu obra honekin; izan ere, aparkalekua izateko pentsatuta zegoen lehen toki hori eta oinezkoentzako leku gehiago izatea nahi dugu orain. Etxe eta ostalaritzako lokal batzuk daude bertan, eta obra honi esker terrazak erosoagoak izango dira”, hala esan du Ernesto Gasco alkateordeak.
Obra honek, gainera, hogei aparkaleku inguru kentzea ekarriko du. “
Baterian aparkatu beharrean ilaran aparkatzeko modua uztea ere pentsatu dugu; baina, azkenean, batere aparkalekurik ez uztea erabaki dugu, hartara, espaloiak, itxura zabalagoa izan dezan”, adierazi du Gascok.